NAIZ
BILBO

Euskal presoen %99,43k sakabanatuta segitzen duela nabarmendu du Sarek

2016. urtea bukatzear dagoela, espetxe politikaren inguruko balantzea egin du Sarek. Azpimarratu du 351 euskal presoetatik soilik bi daudela Euskal Herriko espetxeetan eta, beraz, presoen %99,43 sakabanatuta dagoela. Datuek kartzela baldintzen okertzea adierazten dutela ere nabarmendu plataformak.

Xabin Juaristi eta Joseba Azkarraga izan dira urteko balantzea aurkeztearen arduradunak. (ARGAZKI PRESS)
Xabin Juaristi eta Joseba Azkarraga izan dira urteko balantzea aurkeztearen arduradunak. (ARGAZKI PRESS)

Sare plataformaren izenean, Joseba Azkarraga eta Xabin Juaristik agerraldia egin dute, espetxe politikaren inguruko urteko balantzea egiteko, 2016a bukatzear dela aprobetxatuta.

Lehenik eta behin, argi utzi dute datuek «kartzela baldintzen okertzea» islatzen dutela. 

Zigorra bete eta gero aske gelditu izatearen ondorioz euskal presoen kopurua 403tik 348ra murriztu den arren, sakabanaketa areagotu egin dela azpimarratu dute: «egun, preso gehiago daude distantzia handiagora, 2015ean zeudenak baino».

Sakabanatuago

2015 bukaeran 1.000 kilometro baino gehiagora 55 preso (%13,6) zeuden bitartean, 2016aren amaieran 49 direla esan dute (%14,1). Hortaz, %0,5 igo da kopuru hori.

800 kilometro baino gehiagora 104 preso daude egun (%29,9), iaz baino %1,6 gehiago. 135 preso dira (%38,8) 500 eta 790 kilometro bitarteko urruntzea pairatzen dutenak. %0,9 jaitsi da kopurua, 2015eko datuekin alderatuta. 400 eta 490 kilometrora dagoen presoen kopuruak behera egin du, 18tik 14ra (%0,48 gutxiago).

Sarek ondorioztatu duenez, bi preso baino ez daude Euskal Herriko espetxeetan, %99,43 sakabanatuta dagoen bitartean.

Gaixotasun larriak

Larriki gaixo dauden 11 presoei (Lorentxa Guimon aske utzi zuten martxoan, baina Joseba Borde gehitu zaio zerrendari) dagokien askatasuna ukatzen jarraitzen zaiela azpimarratu du Sarek. 

Frantziar Estatuan beteriko zigorra aintzat hartuta aske behar luketen 7 presoei neurri hori ezartzen ez zaiela ere adierazi dute Juaristi eta Azkarragak.

Gainera, kartzela biztanleri osoaren %1,5aren aurrean, euskal presoen %95,5 lehen graduan jarraitzen duela ohartarazi dute.

Emakume presoen portzentaia %2,5 igo da aurten (50etik 52ra) eta, gainera, lautik batek gainontzekoengandik bakarturik jarraitzen du.

Euskal Herriratuak izateko presoetako bakoitzak eginiko eskaera guztiak ezeztatuak izan dira 2016an.

Urtarrilaren 14rako deia

Urraketen eszenatoki hau «bake eta elkarbizitza eszenatoki batekin gainditu» nahi du Sarek eta, bide horretan, urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestazioaren garrantzia azpimarratu dute eledunek.

«Ez dugu amore emango gure ahaleginean hainbeste sufrimendurekin amaitu artean», adierazi dute.