«Zuekin gaude denok etxean izan arteko borrokan; zuekin gaude, independentizia erdiesteko borrokan; zuekin gaude, askatasunaren aldeko bidean», irakurri dute Ernai eta Aitzinako ordezkariek Usurbilen egindako agerraldi jendetsuan, aurretik hitzaldi bat egiteko aprobetxatu ostean.
«Ulertezinak dira euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak: dispertsioa, isolamendua, komunikazio guztien interbentzioa, bizi osorako zigorra, preso gaixoen aurkako heriotz-zigorrak edota lehen graduaren aplikazioa» salatu dituzte, hori ezagutarazteko atzo Madrilgo Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusian eta Parisko Justizia Jauregiaren egoitzetan kateatu zirela gogoratuz.
Hain zuzen ere, atxiloketa 24 ordu gehiago luzatu dieten Aitzinako zazpi militanteak aipatuz hasi dute agerraldia Usurbilen.
Euskal preso eta iheslariak etxean egon arte «konponbiderik ez dela izango» aldarrikatu nahi izan dute gazteek. «Bide horretan urtarrilaren 6an Donostian eta 14an Bilbon izanen gara, presoen eskubideen alde, konponbidearen eta askatasunaren alde», gehitu dute.
[#GazteokZuekin] Denak kalean izan arte, denok kalera. Gora EPPK! Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Gazteria! pic.twitter.com/0sHBIVtUvA
— Ernai Antolakundea (@Ernaigazte) 2016(e)ko abenduak 28