NAIZ
BILBO

Sufrituta baina garaipen berri bat eskuratu dute Irribarriak eta Rezustak (22-21)

Sorpresa eman eta Irribarria eta Rezustaren lehen porrota eragitetik gertu egon dira Urrutikoetxea eta Imaze. Partida gogorra izan da, baina txapelketaren buruan eta bost garaipenekin, nagusi mantentzen dira gipuzkoarrak. (22-21)

Faborito argi bezala ekin diote lehiari Irribarriak eta Rezustak, baina azkar erakutsi dute Urrutikoetxeak eta Imazek borrokarako gogoz joan direla gaurkoan Bizkaia frontoira. Azken hauek aurretik hasi dira, baina gorriek nagusitasuna agertu nahi izan dute jokoa atzeko koadroetan kargatuz (5-2).

Hau izan da partidak minutu askotan izan duen gidoia. Gorriak aurretik, urdinak borrokalari eta markagailuan zuloa ireki ezin. Berdintzen zuten urdinek, baina berriz aldentzen ziren Irribarria eta Rezusta.

16nako berdinketa iritsi denean ordea, Urrutikoetxeak garaipenerako bidea zuzen-zuzen hartu du, Imazek atzean eutsi eta jo ere egiten zuen bitartean. 16-19 ere aurreratu dira, baina orduan berpiztu da Aramako aurrelaria. 19na berdindu du partida.

20. tantoa oso garrantzitsua zen eta hala jokatu dute lauek. Gogorra izan da, pilotakada ugarirekin, eta azkenean Imazek ederki sartu du paretan, Rezustari arazoak sortuz eta balantza bere aldera biratuz. 21.ena ere urdin erori da, eta garaipena eskura. Baina gorriek ez dute etsi, eta norgehiagoka berdintzea ere lortu dute. Azken tantora geratu da erabakia.

Jo eta gurutzatu. Hori izan da Irribarriak jarraitu duen eskema, eta aukera izan duenean, txokoan utzi partida amaitzeko.