NAIZ
IRUÑEA

Iruñeko Udalak etxerik gabeko pertsonak artatzeko zerbitzuaren kontratuaren lizitazioa egingo du

Iruñeko Udalak etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal zerbitzua kudeatzeko laguntza-kontratuaren lizitazioa onetsi du. Zerbitzu honen helburu nagusia da etxerik gabeko pertsonak artatzea, baita bazterketa egoera larrian dauden kolektiboen arazoei aurre egitea ere. Horretarako harrera egin, ostatu eman, adituen laguntza eskaini, kaleko arta edo bestelako egoitza-baliabideak eskaintzen ditu, behar dituzten gizarteratze-prozesuak gauzatu daitezen.

Kontratu honen urteko aurrekontuak 864.927,66 euro joko du. Lizitatuko den-kontratua 2017ko ekainaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra denez, guztizko aurrekontua 1.244.971,63 eurokoa da.

Interesa dutenek eskaintzak aurkeztu ahalko dituzte 40 eguneko epean, lizitazio-iragarkia Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun horretatik aitzina. Kontratua esleitzeko aintzat hartuko da eskaintza ekonomikoa (20 puntu bitarte), kudeaketa-proiektua (65 puntu bitarte), eta egungo hitzarmen kolektiboaren aplikazioa (15 puntu bitarte). Esleipendunak zentroko 17 langileak subrogatu beharko ditu.


2015ean, etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal zerbitzuak 1.783 laguni arta eman zien. Pertsona horiek Iruñean bizi dira edo aldi baterako daude hirian, baina betiere etxerik zein lanik gabeak dira, eta gizarte-bazterketa egoera latzean bizi dira. Iruñeko Udalaren zentro honek ostatua eta janaria eskaintzen die, eta aurrera egiteko urratsak ematen laguntzen die.

Zentroa 2011n zabaldu zen, Gipuzkoako etorbidean (Trinitarios), eta bost programa egingo ditu, kontratu berriaren baldintzetan jasotzen direnak: batetik bestera dabiltzan etxerik gabeko pertsonendako arreta (egonaldi laburrak), Iruñean erroldaturiko etxerik gabeko pertsonendako arreta (egonaldi ertainak), Hotz Boladaren Protokoloa, kaleko laguntza eta arta programa (erdi irekia), eta partekatutako etxebizitzetan edota zentroaz kanpoko ostatu-baliabideetan laguntza emateko programa.  


Azken programa hori, partekatutako etxebizitzetan laguntza ematekoa, kontratuan berria da, eta haren bidez, Udalak etxerik gabe dauden pertsonen profilari emandako estaldura zabaldu nahi du. Erdibideko fase bat da, non akonpainamendu trinko bat egiten den, gizarteratzea laguntze aldera eta haien kabuz bakarrik bizi aurretik. Baliabide hori zentrotik atera eta babesik gabeko ostatu batera doazenei eskainiko zaie, prozesu aurreratu hori errotze aldera. Baita ere eskainiko zaie haien egoera dela-eta zentrora sartzea komeni ez zaien horiei, baina kalean gelditzea saihesteko edo baldintza egokietan ostatu izatea egonkortzeko gizarte-laguntza behar dutenei.

Zerbitzuak laguntza-, hezkuntza-, prestakuntza- zein lanbide-jarduerak eskaintzen ditu.  2015ean arreta eman zitzaien batetik bestera aritzen diren 1.374 ibiltariri, erroldaturiko 62ri; kalean beste 141 lagun artatu zituen zerbitzuak, eta 206 laguni laguntza eman zitzaien hotz boladan eta bestelako zerbitzuetan.


Egun zentroa Xilema Fundazioak kudeatzen du, aurreko lehiaketa publikoa irabazi baitzuen. 50 leku ditu: 25 batetik bestera dabiltzanentzat eta 25 erroldatuentzat, eta lehen mailako premiak asetzen ditu: ostatua, higienea eta elikadura. Gainera, zentroko langileek (hezitzaile eta gizarte-langileak zein psikologoa bat) arreta osoa eskaintzen diete Iruñean erroldaturik daudenei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko.