GARA
ASTIGARRAGA

Datorren astean emango diote hasiera sagardotegien txotx denboraldiari

Gipuzkoan, sagardo litro gehien ekoitzi duen herrialdean, hiru txotx irekiera egingo dituzte; gainerakoetan bana. Aurtengo sagardoa gorputz eta estruktura handikoa da, usaintsua eta txinparta finekoa.

Aritz Aranburu surflariak irek zuen iaz txotx denboraldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Aritz Aranburu surflariak irek zuen iaz txotx denboraldia. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Txotx garaikoa arrakasta handiko ohitura da Euskal Herrian eta jendea sagardotegietan sagardo berria dastatzeko irrikaz egon ohi da. Datorren astetik aurrera izango da horretarako aukera Hego Euskal Herrian, maiatzera arte iraungo duen epe horri hasiera emango baitzaio.

Gipuzkoan hiru zita dituzte; Astigarragan hilaren 11n egingo dutena da garrantzitsuena. Zapiain sagardotegian izango da sagardo berria dastatzeko aukera. Bertan Eneko Atxa sukaldaria izango dute gonbidatu.

Hernanin, berriz, hilaren 14an 12.00etan izango da txotx irekiera, herriko plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Atsegindegira eramango dute upela. Goierriko sagardotegiek, berriz, Legorretako Aulia sagardotegian zabalduko dute denboraldia urtarrilaren 28an.

Bizkaiaren kasuan, Zornotzako Uxarte sagardotegia izango da anfitrioia urtarrilaren 18an, 12.00etan. Araban Kuartango sagardotegian (Zuhatzu Kuartango) bilduko dira hilaren 12an 19.30ean, eta Nafarroan, berriz, Aldazgo Martitxonea sagardotegian zabalduko dituzte upelak 13.30ean.

Aurtengo sagardo berria «gorputz eta estruktura handikoa» izango da, «usaintsua eta txinparta finekoa». Ezaugarriak orokorrak dira, baina sagardo bakoitzak bere berezitasunak ditu. Izan ere, aurtengo klima dela eta, sagarrari kosta egin zaio heltzea eta uzta ohi baino beranduago jaso behar izan dute. Hala ere, «sagarrak asko irabazi du bildu aurreko azken egunetan, tamainan, azukre, gazitasun eta polifenol kopuruan».

Sagar gutxiago ere bildu dituzte, nahiz eta jaso direnak «oso sanoak» izan diren. Hori dela eta, erabilitako sagarren %55 kanpotik ekarritakoak dira.

12,7 milioi litro

Guztira 12,7 milioi litro inguru egin dira Euskal Herrian, eta Gipuzkoa izan da ekoizlerik handiena. Bertan bakarrik 12 milioi litro egin dira. Gainontzekoa beste herrialdeetan zehar banatzen da: 110.000 litro Bizkaian (%100 Bizkaiko sagarrekin), 70.000 litro Araban, 300.000 litro Nafarroan eta 250.000 litro Ipar Euskal Herrian.