NAIZ
DURANGO

Prozesu Feministari berrekiteko lehen urratsa egin dute Durangon

Ezker abertzaleko 250 emakume inguru bildu dira gaur Durangon, Prozesu Feministaren oinarri eta ezaugarriak hausnartu, ekarpenak jaso eta aurrera begira prozesua definitzen hasteko.

Ezker abertzaleko 250 emakume bildu dira Durangon. (@sortuEH)
Ezker abertzaleko 250 emakume bildu dira Durangon. (@sortuEH)

 

Ezker abertzalea gogoeta eta antolakundeen birfundazio prozesuetan murgilduta dagoen honetan, 250 emakume elkartu dira gaur Durangon, 1998an abiatu zen Prozesu Feministari berrekiteko. Ohar batean azaldu dutenez, eraldaketa feminista mugimendu osoaren ardura izan behar zela jakitun abiatu zuten prozesua orduan eta transbertsalitatearen aldeko apustua egin zuten, antolakunde bakoitzak konpromiso desberdinak hartu zituelarik.

Azken urteetan, hainbat oztopo tarteko –«ilegalizazioa, lehentasunak, transmisio falta»–, garapen «gorabeheratsua» izan du prozesuak. Hala, LABek prozesua mantentzeko gaitasuna izan du eta Sortu eta Ernai sortu zirenean ere proiektu feminista bere egin zutela gogora ekarri dute. Mugimendu feministaren garapena ere etengabea izan dela nabarmendu dute.

Horrek guztiak Prozesu Feminista aurrera eramateko baldintza «ezin hobeak» sortu dituela uste dute, eta horretarako bildu dira Durangon lurralde, belaunaldi eta militantzia eremu desberdinetako 250 emakume.

Prozesu feministaren hastapenak gogoratu, ibilbidea errepasatu eta baldintzak aztertu dituzte. Aurrera begira urratsak egiteko, prozesuak izan beharko lituzkeen oinarri eta ezaugarriak hausnartu dituzte, eta antolakunde, mugimendu feminista, herri mugimendu eta kartzeletako kideen ekarpenak jaso.

 

Hemendik aurrera, ezker abertzaleko emakumeak eskualdeka elkartuko dira eta prozesua definitzen hasi; martxoaren 11n berriro batuko dira, Prozesu Feministaren bide orria zehazteko.