Biarritzetik goizean goiz abiatu ostean, Bruselara heldu bezain laster ekin zioten lanari Etxerat-en ordezkariek. Basque Friendship taldeko bost ordezkarirekin (Sinn Feinekoa, N-VA flandriarrekoa, Alternativa Galega de Esquerda en Europa-koa, ERCkoa eta European Free Alliance-koa hain zuzen ere) bildu ziren. Beran, orain urtebete Euskal Herrian izan zen europarlamentari talde batek osatutako txostenari heldu zioten. Guztiek adierazi zuten bezala, gaixotasun larriak dituzten presoen egoera da gehien kezkatzen dituen gaia.
Beren inguruko datuak eman zituzten senideek, kasu askotan emozioa ezkutatu ezinik: salbuespen neurriak, konfiantzazko medikuekin egon ezina, kirurgia operazioak eskuburdinak jarrita dituztela egitea, tratamenduak sakabanaketa aplikatzeagatik eten behar izatea… Zerrenda luzea bota zuten eta azken ondorio gisa ideia argi bat: askatasuna sistematikoki ukatzen zaiela gaixo dauden euskal presoei, legediak jasotzen duen neurri bat izan arren.
Wouter Patho ordezkari flandriarrak senideen ahotik entzundakoak izututa utzi zuela aipatu zuen eta gaia nazioartean zabaltzeko beharra defendatu zuen. Etxerateko ordezkariek ere behar hori nabarmendu zuten, beste batzuen artean, eta Friendshipeko kideei euren arreta eskertu ostean, bilera honen ondorengoa Madrili eta Parisi belarritik tira egitea baino zerbait gehiago izan beharko litzatekeela aipatu zuten.
Zentzu horretan, delegazioak proposamen zehatzak egin zituen eta baita espresuki laguntza eskatu ere preso gaixoen gaia Europako beste herrialde batzuetara eramateko. «Espainiar eta frantziar estatuei presioa sartu behar zaie», adierazi zuten. Iragarri zutenez, otsailetik aurrera zenbait bidaia egiteko asmoa dute, tartean Irlanda, Britainia Handia, Suedia eta Danimarkara.
Horrez gain, Europako Parlamentuan auziari jarraipena ematearen garrantziaz hitz egin zuten guztiek, horretarako bide ezberdinak bilatuz. Esaterako, gaia Parlamentuan ofizialki eztabaidatua izan dadin eskaera bideratu, nahiz eta, gogorarazi zuten moduan, beste hainbat saiakeratan PP eta PSOEren interesek bidea itxi dioten eztabaidari. Etxeraten ordezkaritzak gaur jarraituko du bileren agendarekin, ostegunean Euskal Herrira itzuli aurretik.
Hamar pertsonaz osatutako ordezkaritza da Etxeratek Bruselara bidali duena. Ez da bidea egiten duten lehen aldia. Urtzi Errazkinek Biarritzen azaldu zuenez, duela bi urte Europako alderdi politiko desberdinetako kideekin bildu ziren bertan eta «bide berean urrats berri bat ematera» doaz orain.
Bigarren bidaia
Lehen bidaia haren ostean Friendship taldeko zazpi kide Euskal Herrira etorri ziren, esku artean zuten informazioa zuzenean egiaztatzeko. Ordezkaritzak hark Euskal Herrian batutako informazioarekin txosten bat egin eta Europako Legebiltzarrean aurkeztu zuen apirilean, taldearen sorreraren hamargarren urteurrenaren karietara.
Orain, bereziki «larriki eri diren presoen gaiari» heldu dio Etxeratek, eta bi egunez «alderdi desberdinetako bozeramaileekin elkartu eta konpromiso berriak lortzea da xede nagusia». Testigantza zuzena eman ahal izateko, gainera, larriki gaixo dauden presoen zazpi senide daude ordezkaritzan.
«Laguntza eske goaz», esan zuen Errazkinek hegazkina hartu aitzin, eta horretarako beraien agenda bilkuren arabera egokitzeko prest daude.