NAIZ
BILBO

Bilboko kaleak «milaka hatz salatzailez gainezka betetzeko» deia egin du Sarek

«Milaka eta milaka hatz salatzailek Bilbo erdialdea hartuko dutela espero dugu» adierazi du Sarek bihar, bizkaitar hiriburuan, euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den mobilizazioari begira. Mobilizaziora batu ez diren alderdi eta instituzioei pankarta eramango duten pertsonen jatorri anitzari begiratzeko eskatu diete.

Sarek biharko mobilizazioaren inguruko azken xehetasunak eman ditu. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Sarek biharko mobilizazioaren inguruko azken xehetasunak eman ditu. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Bihar Bilboko kaleek Sarek deitutako mobilizazioa hartuko dute, eta Bego Atxak eta Joseba Azkarragak mobilizazioaren azken xehetasunak eman dituzte gaur bizkaitar hiriburuan egin duten agerraldian. «Aurten, aurpegi eta sentsibilitate berriak gehitzea lortu dugu. Horregatik, milaka eta milaka hatz salatzailek Bilbo erdialdea hartuko dutela espero dugu, eta beraz, baikorrak gara», adierazi dute.

Jende kopururuari begira «aurreikuspen onak» dituztela nabarmendu dute. «Baina tamalez, badira batzuk bere hutsegitea arrazoitzeko, deialdiaren izaera zabala zalantzan ipintzeko gai izan direnak», gehitu du. Gogoratu behar da Lakuak, EAJk, eta Elkarrekin Podemosek, besteak beste, uko egin diotela instituzio edo alderdi moduan parte hartzeari.

Sareren iritziz, «pankartaren osaketak bakarrik adierazten duena, eta lan alor ezberdinetatik deialdiarekiko babesa adierazi duten 100 pertsonen izaerak, nahikoa behar lukete» ekimena zalantzan ez jartzeko.

Atxa eta Azkarragaz gain, pankarta talde anitz batek eramanen du. Elisabete Bizkarralegorra abokatua, Edurne Brouard GALen biktima, Gentzane Callejo larriki gaixo dagoen Jagoba Codo presoaren senidea, Mertxe Galdos preso ohia, Unai Iturriaga bertsolaria, Alice Leiciaguezahar Bagoazeko kidea, Alaia Martin bertsolaria, Xabier Morras margolaria, Juan Mari Olano preso ohia, Rosa Rodero ETAren biktima eta Ramon Zallo EHUko komunikazio katedraduna ere izanen dira mobilizazioaren buruan. Amaierako dokumentuaren irakurketa Nerea Alias eta Andoni Aizpuru telebista aurkezleen esku egonen da.