NAIZ
LARRABETZU

82 udaletara heldu da UEMA, 240.000 biztanleko eremura

Bost herri batu dira gaur modu ofizialean Udalerri Euskaldunen MAnkomunitatera (UEMA) eta modu horretan 82 udal eta 240.000 biztanleko eremua du jada elkargune honek. Larrabetzu, Ataun, Errezil, Mendaro eta Areatza dira gaur urratsa eman dutenak. 

Gaur batu diren udalerrietako ordezkariak gaurko batzarrean. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)
Gaur batu diren udalerrietako ordezkariak gaurko batzarrean. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)

Larrabetzu, Ataun, Errezil, Mendaro eta Areatza UEMAko kide dira. Bost kide hauek batuta 82 udalek osatzen dute orain udalerri euskaldunen mankomunitatea eta guztira 240.000 biztanleko eremua jasotzen du bere baitan elkarguneak. 

Larrabetzun zuen gaur UEMAk batzar nagusia eta bertan ofizialdu dute bost udal berri hauen elkartzea. Batzarrean Josu Labaka lehendakariak iragarri duenez udal berriak espero dituzte, hamar bat, hurrengo hilabeteetan. UEMAn izateko irizpideak betetzen dituzten gehienak herri txikiak izan arren, badira Zarautz, Tolosa, Bergara, Bermeo, Azpeitia, Oñati edo Lekeitioren neurrikoak ere, mankomunitatetik nabarmendu dutenez. 

Batzarren 2016ko balantzea ere egin dute eta hortan hiru herritako esperiantziak azpimarratu dituzte. Oiartzunen kasuan euskararen arnasguneei buruzko tailerrak nabarmendu dituzte, Antzuolan haurren erabilera areagotzeko abiatu duten bidea eta Munitibarren hiri antolakuntzarako planean eragin linguistikoaren ebaluazioa nola txertatu duten.

Abiatu berri dugun urteari begira, Labakak herri berriak batzea dutela xede nabarmendu du eta udalerriak euskalduntzeko ekimenak areagotuko dituztela. Etxahun Lekue Bizkaiko bertsolari txapeldunaren ahotsak eta hamaiketakoaren beroak itxi dute batzar nagusia. 

Biztanleria euskalduna, %70tik gorakoa

UEMAko udalerrietan biztanleen %70k baino gehiagok daki euskaraz. Gaur batu direnen artean Areatza (1.195 biztanle) %71n dago gaur-gaurkoz, Ataun (1.700 biztanle) %90ean, Errezil (600 biztanle) %92an, Larrabetzu (2.000) %80an eta Mendaro (2.037) %79n.