Haritz LARRAÑAGA

Donibane Garazi-Bilbo, bidaia luze baina umorez betea

Euskal Herria txikia da, baina Bilboko manifestazioan parte hartzeko batzuek egin behar izaten duten bideak preso bat bisitatzera joateko adina ordu eskatzen ditu. Baxenabartar eta zuberotarrek, esaterako, zazpi orduko joan-etorria dute, baina umorerik galdu gabe.

Ardiei bazka emateko jaiki da goizeko seietan Pello, baina ez da zail izan iratzartzea, izan ere «lana errazago egiten da, gero jai hartu behar duzula jakinda», dio Oztibarreko (Nafarroa Behereko) laborariak. Bere lankidearekin antolatu da, eta etxeko lanak eginda, lehen aldiz Bilboko manifestaziora abiatuko da, zeren «noizbehinka garrantzitsua da betebeharrak utzi eta presoen alde egitea».

Ez da goiz jaiki den bakarra, Pauline, Gotaine-Irabarnekoa da (Zuberoa) eta goizeko zortzietan jarri du martxan autoa, bederatzietan Donibane Garazitik aterako den autobusa hartzeko. Inguruko herrietako lagunek «autoz joatea erabaki dute», baina berak taldean joatea hautatu du. Ez du bide luzeak beldurtzen, zeren «denbora ez da arazoa, guretzako baino luzeagoa da presoentzat».

Nafarroa Behereko hiriburuan bete da iparraldetik atera den lau autokarretako lehena. Luxi Oillarburuk “Dispertsioari Stop” dioten zapiak saltzen dizkie euro baten truke ibilgailura igotzen diren lagunei. Aurrealdean leku hartu dute helduenek eta pasilloan gibelera egin ahala adinak behera egiten du. Atzealdean, oraindik logura bisaiarekin, gaztetxeko kuadrilla bat dago.

Patxi, Mikel eta Mattin ongi hornituak daude, ez zaie garagardorik falta. Lehen aldiz 2012an joan ziren Bilbora, urte hartan deialdi berezia egin baitzen eta esperientzia ederra izan zen, «plazer egiten du hainbeste jendek ideia berarekin bat egiten duela ikusteak». Ordutik urteroko zita da, «batez ere sostengua ematera goaz, baina festa egiteko ere baliatzen dugu», diote irriz. Egitaraua ongi zehaztua dute: «Lehenik Zazpikaleetara poteatzera, gero manifara, berriz ere dendaren batean garagardoak erosi biderako eta Garazira itzultzean bestak jarraitzen du».

Ordu eta erdi beranduago Behobian dira Hazparne, Kanbo eta Donibane Lohizunetik atera diren autobusekin elkartzeko prest. Guztira lau ibilgailu bildu dira eta hamaika eta erdietan bideari ekin diote. Ordura arte logura ziren gazteak abesten hasi dira, eta aldiz, lehen lerroetako bidaideek indarrak hartzeko lo-kuluxka bat egitea erabaki dute.

«Badira Guggenheimeko museoa ikustera gerturatzeko profitatzen dutenak», dio Pantxikak, baina «gehienok Alde Zaharrera jotzen dugu, babes sentsazioaz gozatzeko egun bat ere bai baita», eta zentzu horretan, zera gaineratzen du: «Iaz manifestazioa Baionan egitea erabaki zenean senide batzuk tristatu egin ziren». Hegoak bat egiten du hausnarketa horrekin, 19 urte daramatza Sevillan espetxeratua dagoen bere aita bisitatzera joaten eta «senide gisa pilak kargatzeko» zita garrantzitsua dela aitortzen du, baina bere esanetan «ez da aski, egun bakar bateko konpromisoak egunerokoan ere isla izan behar du».

Eiheralarreko Jean Marie Saint-Peerentzat ere egun berezia da. «2012an kartzelatik jarraitu nuen manifestazio jendetsua, baina hurrengo urtean ez nuen huts egin», dio zortzi urte Estatu frantseseko espetxeetan egin zituen lagunak. Gainera, «militante nintzela ezin nuen agerraldietara joan, susmorik ez piztearren, beraz espetxetik atera nintzenean askatasun totala izan zen», eta orain, «ahal dudan mobilizazio guztietara joaten naiz, zeren lagunak ditut beti gogoan», eta gaineratzen du, «soilik preso egon denak uler dezake halako ekimenek atxilo dagoenarentzat zer suposatzen duten».

Bilboko udaletxe ondora ordu batean iritsi da autobusa eta multzoka bakoitzak bere bidea hartu du. Berant itzuliko dira etxera, baina kontent, «itzulerako giroa ez da hain lasaia izanen», dio irribarrez gazte batek.