NAIZ
LESAKA

Udaberrian erabakiko dute Bortzirietan etorkizun politikoaren inguruan

Eman Bortzekoa elkartearen sorrera ekitaldia egin dute igande honetan Lesakan, Bortzirietako herritarrei euren etorkizun politikoaren inguruan hitza ematea helburu duen elkartearena hain zuzen. Adierazi dute udaberri honetan egin asmo dituztela galdeketak.

Eman Bortzekoa elkarteko kideak, aurkezpen agerraldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Eman Bortzekoa elkarteko kideak, aurkezpen agerraldian. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Lesakan bildu dira dozenaka bortziritar Eman Bortzekoa elkartearen aurkezpen ekitaldiaren harira. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herritarrei euren etorkizun politikoaren inguruan hitza eman asmo du aipatu elkarteak.

Estitxu Fernandez eta Joseba Olagaraik egin dute elkartearen aurkezpen ekitaldiko hitzartzea. Adierazi dute Gure Esku Dago mugimenduak abiatutako bidea gauzatu asmo dutela, eta iragarri dute udaberri honetan egin nahiko luketela galdeketa, Mendialdea eta Sakanarekin batera.

«Herriari galdetu nahi diogu, herritarrok erabaki dezagun, zer izan nahi dugun, nora joan nahi dugun, herri gisa zer izan nahi dugun», adierazi dute.

Gaineratu dute herri galdeketaren bidea hasi baino ez dela egin gaurko aurkezpenarekin, eta denen ekarpena beharrezkoa izango dela nabarmendu dute. Hala, eta hasteko, sinadura bilketa abiatuko dute.

«Aterako den emaitzaz haratago, galdeketa egitea da helburua, partehartze handia litzake arrakasta», azpimarratu dute.