NAIZ
BILBO

Emakume Mundu Martxa: «Urte berrian, zaharrak berri, indarkeria matxistak gogor kolpatzen gaitu»

Emakume Mundu Martxak «gogor» salatu ditu urte hasiera honetan Euskal Herrian izan diren bi emakumeren erailketak eta Sara Majarenasen bi urteko alabak bere aitarengandik jaso zuen erasoa. Honekin amaitzean «guztion erantzunkizuna» dela adierazi dute, eta «garaia dela hitzetatik praktikara pasatzeko».

Emakume Mundu Martxak azken egunetako erailketa matxistak salatu ditu. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Emakume Mundu Martxak azken egunetako erailketa matxistak salatu ditu. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Urteak hiru aste bete ez dituenean indarkeria matxistak Euskal Herrian bi erailketa utzi dituela gogoratu du Emakume Mundu Martxak, bat Portugaleten eta bestea Burlatan. Sara Majarenasen alabak bere aitarengandik jasotako erasoa ere ez dute ahaztu. Era berean, zortzi eraso salatu direla nabarmendu dute. «Urte berria dugun arren, zaharrak berri, indarkeria matxistak gogor kolpatzen jarraitzen gaitu». Honen aurrean «elkartasun osoa» helarazi nahi izan diete biolentzia matxista pairatu dutenei.

Honen aurrean «nazkatuta, oso haserre» agertu dira, eta ez dute hainbat komunikabidek kasu hauetan hartutako papera albo batera utzi nahi izan. «Indarkeria matxistaren dimentsioa kokatu beharrean, erasotutakoa nor den, haren hitza zalantzan jarri eta morboan zentratu dira», gaineratu dute.

«Emakumeok, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugu egunero, begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik», nabarmendu dute.

Erasoak ez direla «modu isolatuan» ematen gogorarazi dute eta indarkeri sexistaren aurkako borrokan, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura «ezinbestekoa» dela adierazi dute. «Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Erasotzaileak edo jarrera erasokorrak ez babesteagatik hasi, hezkuntzan estrategiak abiatu edo beharrezkoak diren lege eta baliabide instituzionalak exijitzea dagokigu. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko».