NAIZ

Joao Pedro Rodrigues eta Ugandako LGTB Jaialdia, Zinegoak jaialdiko saridunak

Zinegoak jaialdiak sari bat eskainiko du LGTB zinemagintzan egindako lana aitortzeko asmoz eta 14. edizio honetan, Ohorezko Saria Joao Pedro Rodrigues zinema-zuzendari portugaldarrak jasoko du. Ugandako LGTB Zinema Jaialdiak Sari Berezia jasoko du.

Joao Pedro Rodrigues. (www.zinegoak.com)
Joao Pedro Rodrigues. (www.zinegoak.com)

Joao Pedro Rodriguesek Zuzendari Onenaren Saria jaso berri du Locarnoko Jaialdian, ‘O Ornitólogo’ bere azken pelikulari esker (lan hau ikusgai egongo da Zinegoaken). Zinegile portugaldarra 1966. urtean jaio zen Lisboan, eta bere herrialdeko zuzendari esanguratsuenetako bat da. LGTB zinemagintzan ere erreferentea da eta sari ugari jaso ditu nazioarteko hainbat jaialditan (Venecia, Berlin, Locarno…). Cannes bezalako jaialdietan ere estreinaldiak egin ditu.

Sari Berezia

Aurten, salbuespen modura, Zinegoakek Sari Berezi bat emango dio LGTB eskubideen alde lanean ari den mugimendu bati. Queer Kampalak jasoko du saria, Ugandako LGTB Zinema Jaialdiak, eta Hassan Kamoga bere zuzendaria Bilbora etorriko da saria jasotzera eta Nazioarteko Epaimahaikide izatera, dokumentalen atalean.

Gaur egun, Ugandan homosexualitatea ilegala da oraindik. 2014. urtean lege-proposamen bat aurkeztu zen bertako parlamentuan harreman homosexualak heriotzarekin zigortzeko, baina azkenean atzera bota behar izan zuten forma arazoengatik eta nazioarteak tokiko LGTB komunitatearekin batera egindako presioari esker.

Testuinguru honetan, 2016ko abenduan lehenengo aldiz, Queer Kampala International Film Festival (QKIFF) antolatu da, Afrika ekialdeko LGTB zine-jaialdi bakarra.