NAIZ
IRUÑEA

Garaipena ezagutu gabe jarraitzen du Sadarrek 20 jardunaldi eta gero (1-1)

Bigarren itzuliari hasiera eman diote Osasuna eta Malagak Iruñean. Etxean irabazi gabe iristen zen Osasuna, eta kanpoan hiru puntuak bereganatu gabe andaluziarrak. Gidoia bete egin dute biek eta puntu banarekin joan diren etxera. (Partidak utzi dituen zenbakiak).

Causicek gola egin duen arren, garaipenik gabe jarraitzen du Sadarrek. (@CAOsasuna)
Causicek gola egin duen arren, garaipenik gabe jarraitzen du Sadarrek. (@CAOsasuna)

20 jardunaldi dagoeneko eta zale gorritxoek ez dute oraindik Osasunaren garaipen bat ikusi Sadarren. Gaurkoan Malagarekin berdindu egin dute Petar Vasiljevicen mutilek. Azken asteetan lehiakortasuna berreskuratu arren, zerbait falta zaie nafarrei partidak irabazteko.

Osasuna indartsu sartu da partidan, gogoz, eta partida Kameniren ate ingurura eraman nahian. Hala ere, gutxinaka-gutxinaka andaluziarrak nagusitzen joan dira eta baloia Marioren area ingururantz eraman dute, aukera argiegirik gabe, dena den.

Halako batean, ordea, pase sakon bat eta gero Mariok penaltia egin dio Santosi. Akatsa etxeko atezaina. Akatsa konpontzeko aukera, baina, ez du huts egin eta penaltia geratu egin dio aurrelari txuri-urdinari. Aste gutxitan geratu duen bigarrena.

Lehen zatiak aurrera egin du, berri handirik gabe. Malaga zen nagusi eta aukera bakarren bat izan badute ere, Mario agertu da agertu behar zenean. Unai Garciak ere aukera oso garbia izan du Osasunarentzat.

Bigarren zatiari gogoz ekin diote etxekoek, eta aldaketa batekin. Oriol Rierak, min hartuta, zelaia utzi behar izan du, eta Kenan Kodro sartu da bere tokian. Nafarrek baloia berea egin dute eta zirrikitu handirik topatu gabe baina goletik aurkariak baino gertuago agertu dira.

Kanpotarrek, hala ere, ez diote erasoari uko egin eta hiru puntuak bereganatzeko aukeraren bat ere izan dute.

Baina bazirudien gaur, behingoz, iruindarren eguna izan zitekeela, eta Kodrok atzean utzitako baloi batean Causicek Kameniren atea zulatu du, Sadar denboraldiko lehen garaipenerako bidean jarriz. 76. minutua zen, baina pozak gutxi iraun du Iruñean, Camachok buruz, eta Marioren akats bat baliatuz, berdinketa lortu du-eta.

Azken segunduan Clercek garaipenaren gola buruan izan du, baina ezin izan du Kameni gainditu.