NAIZ
GASTEIZ

ETAren amaiera ordenatua eta «bizikidetzaren normalizazioa», Lakuaren planaren lan ildoak

Jonan Fernandez Lakuako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan duenez, «Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren hurrengo zeregina izango da gizarte-topaketari eta bizikidetza normalizatuari eta kontziliatuari bide ematea». Hiru ardatz nagusirekin lan egingo dutela iragarri du: «Indarkeriaren amaiera antolatua», «Bizikidetzaren normalizazioa» eta «Bizikidetzaren erronka berriak».

Lakuako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Jonan Fernandezek, aurkeztu du Giza Eskubideen Plana. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lakuako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Jonan Fernandezek, aurkeztu du Giza Eskubideen Plana. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Jonan Fernandezek, ‘Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Lankidetza’ izena hartuko duen etorkizuneko Idazkaritza Nagusiaren jardunaren ildo orokorrak aurkeztu ditu. Fernandezek azaldu du legegintzaldi honetan bi agenda izango direla: «Lehenengoa, indarkeriaren amaierari dagokionez oraindik itxi gabe dauden kontuei buruzkoa eta, bigarrena, bizikidetzaren inguruan sortzen ari diren erronkei erantzutekoa».

Fernandez Biktima eta Giza Eskubideen zuzendariarekin, Monika Hernandorekin, eta Gogora Institutuko zuzendariarekin, Aintzane Ezenarrorekin batera egin du agerraldia Gasteizko Parlamentuan, datozen urteoi begira duen programa zehazteko.

Plan estrategiko gisa,  2017-2020 Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana sustatuko du Lakuak, hiru ardatz nagusirekin: ‘Indarkeriaren amaiera antolatua’ ardatzak, iraganera begira, ETAren amaiera ordenatua, «iraganaren irakurketa kritikoa» eta «giza eskubideak urratzearen inguruan iragana argitzea» bultzatuko du. Bigarren argatza, pisua orainan jarriz, «bizikidetzaren normalizazioa», defendatzen du, tartean biktimen politika publikoen programa garatzea epetxe politika «berrorientatzea», aldarrikatuz. Azkenik «bizikidetzaren erronka berriak» landu nahi dituzte etorkizunari begira. Bertan, aniztasuna, giza eskubideen ahultasuna eta gizartearen parte-hartzea landuko dira, besteak beste.

Jonan Fernandezek esan duenez, «Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren hurrengo zeregina izango da gizarte-topaketari eta bizikidetza normalizatuari eta kontziliatuari bide ematea».