NAIZ

EAJ, PSE eta PPk Kutxabank «ate birakariak finantzatzeko» erabili dutela salatu du EH Bilduk

Egun hauetan epaitzen ari diren Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkortaren kasuak agerian utzi du EH Bildurentzat EAJ, PSE eta PPk haien «kutxa pertsonala bailitzan» erabili dutela Kutxabank.

EH Bilduren ustez, bereziki larria da akusatuek beraiek epailearen aurrean egindako adierazpenetan aitortu dutela «bulego politikoen iluntasunean erabakitzen zela jardun publikotik erretiratutako politikari bati diruz nola ordaindu».

Koalizioak gaineratu duenez, «Mario Fernandez garai hartako Kutxabaneko presidenteak berak aipatu du jardunbide hauek ohikotzat zirela».

«Honek adierazten du zein muturreraino eraman zuten entitatea haien interes partikularrei begira kudeatzeko ohitura Kutxabank osatzearen alde egin zuten hiru alderdiek», salatu du EH Bilduk.

Ildo horretan, gaineratu dute praktika horiek egitea arrazoitzeko Kutxabanken «funtzio sozialaren argudioa» erabiltzea. «Herritarrei trufa egitea da. Aurrezki kutxek betetzen zuten funtzio soziala egiteko dirurik ez zegoela errepikatzen zuten horiek izan ziren era honetako jardunbide ilunak egitea erabakitzen zutenak», adierazi du koalizioak.

«Erantzukizun teknikoak, pertsonalak eta politikoak» argitzea eskatzen du EH Bilduk.

«Herri honek finantza entitate publiko eta soziala behar du, herriaren behar sozio-ekonomikoei, enpesa txiki eta ertainei, kooperatibei, autonomoei zein herritarren beharrei erantzungo diena, eta inoiz erabiliko ez dena alderdi batzuen interes partikularrei erantzuteko eta ate birakariak finantzatzeko», nabarmendu du EH Bilduk ohar batean.