NAIZ
GASTEIZ

EH Bilduk 10 proposamen aurkeztu ditu «euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko»

EH Bilduk 10 proposamen aurkeztu ditu «euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko», besteak beste, Euskararen Lege berria, lan eskaintza publikoetan hizkuntza irizpideak indartzea, hezkuntza sisteman murgiltze eredua txertatzea eta helduen euskalduntzearen doakotasuna.

Rebeka Ubera, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Rebeka Ubera, artxiboko irudi batean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Rebeka Ubera Gasteizko Legebiltzarreko parlamentariak euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko dekalogoa aurkeztu du. «10 proposamen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, euskara erabiltzeko espazioak zabalduz”.

Azaldu duenez, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari aurkeztu eta eskainiko dio etzi, Kontrol Bilkuran. «Gure asmoa, hizkuntza politikari buruz ere, adostasunak eraikitzea delako».

EH Bilduk interpelazioa egingo dio Zupiriari «legealdirako lan ildoak iragarri zituenean benetan kezkatuta utzi gintuelako». Izan ere, sailburuak esan zuen bere helburua 2020an 20 urtez azpikoen %75 elebiduna izatea dela. «Titular bezala ez dago gaizki, baina arazo bat du: EUSTATen arabera, duela sei urte, 2011n, alegia, 20 urtez azpikoen %78 elebiduna zen jada. Hau da, sailburuak atzera egitea proposatzen digu, euskaldunen proportzioa murriztea».

10 neurri hauek alderdiekin eta eragile sozialekin adostu eta garatzeko programa bat proposatuko du. Proposamen hauen artean euskararen lege berria, administrazio publikoa euskalduntzeko urrats eraginkorrak ematea, murgiltze eredua lantzea, helduen euskalduntzea, unibertsitateko euskarazko tituluen mapa indartzea, lanbide ikastaroetan euskara sustatzea, euskararen arnasguneak sortzea, hirigune eta eremu ez euskaldunetan plangintza bereziak aurrera eramatea, migranteentzako plan bereziak bultzatzea eta aisialdian euskara egonkortzea dira helburu.