NAIZ

Jean Pierre Harokarene ostiralean geratuko da aske, baina espainiar Estatutik kanporatuta

Jean Pierre Harokarene, Faisan delako auziagatik espetxeratua, ostiralean geratuko da aske. Hala ere, espainiar Poliziak Biriatun utziko du frantziarraren esku, Harokarenek ofizialki ez du-eta espainiar Estatuko agiririk eta bere kontra 10 urtez sartzeko debeku eskaria du.

Hainbat espetxealdi jasan ostean, ostiralean geratuko da aske Jean Pierre Harokarene, Faisan auzia dela-eta espetxean dagoen azken presoa. Hala ere, gertukoek jakinarazi dutenez, espainiar Poliziak Biriatun utziko du Harokarene, frantziar Poliziaren esku.

Ofizialki Estatu frantseseko agiriak ditu Harokarenek, nahiz eta betidanik Irunen bizi eta lanean aritu den. Parisen jaio zen eta Hego Euskal Herrikoa zuen amak ez zituen bere agiriak berritu frantziar Estatuan bizi izan ziren denboran.

Ondorioz, Harokarenek ez du espainiar Estatuko agiririk eta Soriako espetxean zela, Poliziak espainiar Estatuan 10 urtez sartzeko debeku eskaria egin du. Martxoaren 3an aztertuko da auzi hau. Hau jakin bezain laster, gertukoak espainiar Estatuko agiriak lortzeko lanetan hasi dira, baina berez tramite azkar bat behar zuena luzatu egingo dela dirudi, ama hil egin zen-eta.