Martxelo DIAZ
GASTEIZ
Interview
IZASKUN GOIENETXEA ETA IRAITZ GESALAGA
ASKAPENA

«Aurtengo brigaden ezaugarria normaltasuna izango da»

Brigadak antolatzeko lanean ari dira Askapenako kideak. Talde honen lan nagusietako bat izaten da munduko hainbat tokitara bidaiak antolatzea gero han jasotakoa Euskal Herrira ekartzeko. Duela urtebete Auzitegi Nazional espainolean izandako epaiketari aurre egiten ari ziren. Orain, berriz, indarberrituta eta egoera normal batean lan egiteko aukera dute.

Brigadak antolatzea da Askapenaren lanaren zati handi bat. Eraso errepresiboa gainditu ondoren indarberrituta ekin diote lan honi. Aurten, gainera, 30 urte betetzen ditu erakunde internazionalistak. Apirilaren 16an amaitzen da brigadetan izena emateko epea.

Joan eta etorriko elkartasuna lantzeko ezinbesteko tresna dira brigadak Askapenarentzat. Zein ildo landuko dituzue aurten?

IRAITZ GESALAGA: Iazko brigadak aurkeztu genituenean balio erantsi bat zutela esan genuen, Askapenaren kontrako epaiketa burutzen ari zelako. Hori burutu zen jada, eta fase hori gainditutzat ematen dugu. Aurtengo brigada kanpaina aurrera begirako pausoak emateko da. Horregatik “Borrokak uztartzen” leloa, brigaden bitartez ikasitako borrokak Euskal Herriko borrokekin uztartzeko. Aldi berean, urte berezia da Askapenarentzat, 30 urte betetzen dituelako.

Zein brigada lehenetsi dituzue aurten?

IZASKUN GOIENETXEA: Berrikuntzak egon badaude. Latinoamerikan ikusten dugu aurten Kubarekiko keinu bat egin behar genuela. Iraultzaren garapena nolakoa izaten ari den ikusita, azkeneko urteetan izandako aldaketak, blokeoaren gaia... interesgarria iruditzen zitzaigun brigada hori berreskuratzea. Duela hamar urtetik ez gara bertara joan modu ofizialean eta aurten aukera polita zela ikusten genuen.

Europara begira ere hausnarketa egin dugu. Iaz Greziara joan ginen. Kapitalaren Europari aurre egiten ari diren hainbat proiektu eta herri borroka daude martxan. Italia ere oso interesgarria zela ikusten genuen AHTren aurkako mugimendua oso potentea delako bertan, migrazioaren auziak bete-betean jotzen duelako eta okupazioaren eta etxebizitza duinaren aldeko borrokatik asko dugulako ikasteko. Bestalde, Askapena erakunde nazionala izanda, Euskal Herri osoa bildu beharko lukeena, orain arte Estatu espainoleko herri zapalduengana joan izan gara (Galizia, Gaztela, Aragoi, Anduzia, Herrialde Katalanak). Baina azken urteotan ez dugu Estatu frantsesak zapaldutako herriekin lanketarik egin. Eta hori oso interesgarrria da Ipar Euskal Herriarentzat, eta Bretainiako brigada planteatu dugu.

IRAITZ G.: Horri gehitzen zaio Palestinako brigada. Urtero egiten dugu eta helburu estrategiko batean kokatzen da: sionismorik gabeko Euskal Herria lortzea eta BDZ kanpaina bultzatzea.

Borrokan dauden herriekin harremana izateaz harago joan da beti Askapena, hor ikasitakoa Euskal Herrira ekartzea ere defendatuz.

IZASKUN G.: Hori da inportanteena. Brigadak beti dute aldebikotasun hori: Euskal Herrikoa hara eramatea eta hango hona ekartzea. Baina brigaden lanaren zatirik garrantzitsuena bidaia amaitzen denean izaten da. Ikustea hemen egiten den sozializazioa, eta ekartzen dena Euskal Herrian nola txertatzen den. Brigada bakoitzak badu bere espezifikotasuna. Palestinakoa, adibidez, izan daiteke erresistentzia eta okupatuta dagoen herri batek nola egiten dion aurre egoera horri. Beste brigada batzuk badituzte eraikuntza fase bateko esperientziak.

IRAITZ G.: Euskal Herrian askotan uste dugu gure borroketan bakarrik gaudela, ez dugula nondik elikatu, ez erreferentziarik ez esperientziarik. Brigadek esperientzia horiek ezagutzen laguntzen dute, gero guk hemen lan hori nola egin daitekeen ezagutzeko. Bidelagun asko ditugu munduan barrena eta ezagutu behar ditugu.

Euskal Herria Europan kokatzen da eta azken urteotan esparru honi arreta handiagoa eskaini diozue. Kapitalaren Europaren ondorioak pairatzen ditugu eta hori dela-eta horri aurre egiten dioten borrokak ezagutzea beharrezkoa dela uste duzue?

Kontuan izan behar dugu nondik gatozen. Askapena duela 30 urte sortu zen Nikaragua sostengatzeko batzordeekin. Beste herri bati elkartasuna adierazteko orduan Euskal Herria subjektua izan behar zela ulertu zen orduan. Eta gure borrokaren ibilbidea izango da egin dezakegun ekarpenik onena. Orain egin dugun hausnarketa da Europa gure joko-zelaia dela. Ez Europar Batasuna, baizik eta Europa bera, kontinente edo borroka eremu bezala. Hor oso inportantea da gure artean aliantzak sortzea. Mugimendu desberdinekin harremanak izan behar ditugu. Aliantza horiek ezinbestekoak dira guretzat. Internazionalismoa askotan oso zaila da garatzeko, abstraktoegia azaltzen delako. Kontzeptu konplexuak eta urrunak erabili ohi dira. Baina egia da, hain zuzen, inperialismoak ondorioak dituela gure eguneroko bizitzan. Hau da Askapenaren helburu nagusietako bat: internazionalismoa gainerako sektore eta borrokei hurbiltzea.

Urtebete pasatu da Askapenaren kontrako epaiketa izan zenetik eta «normalitatera» itzuli zaretela aipatu duzue. Tarte honetan belaunaldi aldaketa ere gertatu da. Nola ikusten duzue egoera?

IRAITZ G.: Egia esan, urte berezia izan da guretzat. Ikasturtea hasi eta epaiketa izan genuen gainean. Nola bukatu zitekeen ere ez genuen argi, eta mesfidati ginen. Epaiketari aurre egiteko planteamendua bagenuen eta emaitza oso ona izan da. Babes, atxikimendu eta aktibazio polita sortu zuen. Epaiketa amaitu zen eta festa bat egin genuen eskerrak emateko. Eta aurrera begira jarri behar ginen. Ikasturtea amaitzearekin batera ziklo bat bukatu zela eta beste ziklo berria irekitzen ari zela ikusi genuen. 30. urteurrenarekin bat etorri da ziklo berri hau eta zabaldu nahi dugun mezua da Askapena gaur egungo egoera berrira egokitu dela. Ez soilik epaiketaren ondotik, baizik eta gure inguruan ikusten dugun egoera berrira. Eta pauso berriak definitzen ari gara.

IZASKUN G.: Inportante da Askapena normaltasunera bueltzatzea, herri mugimendura itzultzea. Herri mugimendua izan behar da gure lankidetzarako eremu naturala. Abiatu ginen tokira itzuli gara, herri mugimenduaren antolamendua izango duen erakundea. Askapena beti izan da berezia, baina hor dago gure aberastasuna. Ikuspegi desberdinak elkartu izan ditugu beti.