Joseba SALBADOR
TOLOSA

Tolosako inauterietarako astebete falta dela, egitaraua aurkeztu dute

Tolosarrak azken ukituak ematen ari dira datorren ostegunean hasiko diren inauteriei eta Udal agintari zein elkarteetako kideek aurtengo egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian, arratsaldero leporaino beteko den zezen plazan bertan.

Tolosako Zezen Plazan egin dute inauterien aurkezpena. (Joseba SALBADOR)
Tolosako Zezen Plazan egin dute inauterien aurkezpena. (Joseba SALBADOR)

Berotzen hasteko, larunbat honetan bertan haur jaialdia eta kaldereroen konpartsa daude iragarrita, eta jai hasierako suziria ostegunean botako dute Udaletxeko balkoitik. Aurten 99 urteko Mari Kruz Iribarren tolosarra izango da suziria botako duena, 70 urtetan etenik gabe inauterietan parte hartu duela omentzeko.

Mozorrotzeko egunak, ordea, igandetik asteartera bitartekoak izango dira eta, azken datuen arabera, 120 karroza eta konpartsa irtengo dira kaleak kolorez betetzera. Astelehenean, berriz, 1.500 haur eta gazte baino gehiago aterako dira euren dantzak egitera aisialdi taldeek antolatutako konpartsetan.

Aurten Udalak hainbat kanpaina jarriko ditu abian inauterietan ahalik eta elkarbizitza onena izan dadin. Alde batetik, ‘Joka sano’ pegatinak eta ‘Tolosak ezetz!’ pultserak eta txartelak banatuko dira, eta eraso sexisten aurrean protokolo berezi bat definitu da «era azkarrean eta koordinatuan erantzuteko».

Nerabeen alkohol kontsumoa ekiditeko, bestalde, Prebentzio Mahaia urte osoan ari da lanean DBHko ikasleei eta euren gurasoei aholkuak emanez eta arazo handienak sortzen diren astelehenean bertan kale esku-hartzea egingo dute hainbat eragilek.

Azkenik, Udalak dei egin die karroza eta konpartsei errespeta ditzaten inauterietako doinu tradizionalak, baita bizilagunen lo orduak ere.