GARA
BILBO

Ocean Work Centre-Bilbao sortu da, Euskal Elkargoaren eta EAEren arteko zubia

Itsasoko eta irristatzeko kirolen esparruan lankidetza bultzatzea du xede Ocean Work Centre-Bilbaok. Euskal Elkargoko enpresen eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen arteko harreman sarea trinkotzera dator GAIA klusterraren egoitzan kokatu den zentro berria.

Ocean Work Centre-Bilbaoren sorrerako sinadura ekitaldia egin zuten atzo Bilbon, zentro berria kokatu den lekuan, GAIAren egoitzan. Klusterraren presidente Jose Echezarrak eta Ocean Living Lab erakundeko Manuel de Larak izenpetu zuten proiektua abiarazi duen hitzarmena. Han izan zen Euskal Elkargoko lehen lehendakariorde eta Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duharte ere.

Azaldu zutenez, zentro berriak Euskal Elkargoaren eta EAEren arteko zubi lana eginen du itsasoko eta irristatzeko kiroletan, ehundura ekonomikoarentzat hagitz garrantzitsua den arloan. Enpresen arteko elkarlana sustatuko du produktu eta zerbitzuak garatzeko, eta eskaintza eta eskaria lotuko ditu.

Esparru indartsua

Ekitaldian nabarmendu zutenez, Landetatik Bizkairaino, 5.000 lanpostutik gora eta 2.500 milioi euroko itzulkin ekonomikoa sortzen ditu itsasoko eta irristatzeko kirolen alorrak. Hori indartzera dator zentroa. GAIAren Bilboko egoitzan kokatuz, gainera, klusterrak bere 250 enpresekin batera sortuko dituen sinergiez baliatu ahal izanen dela adierazi zuten.

Hitzarmenarekin Euskal Elkargo berriko enpresek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek harreman sarea trinkotzeko aurrerapauso handia egin dutela baina lankidetza ez dela atzo goizekoa aipatu zuten. Oroitu zutenez, 20 urtetik goiti daramate elkarrekin lanean, 1996an lehen fondoa sortu zenetik. «20 ekimen baino gehiago garatu dira urte hauetan guztietan, 500 enpresa baino gehiago eta 40 proiektu elkarrekin sortuz».

Duela kasik urtebete, 2016ko martxoan sortu zen Ocean Living Lab, itsasoko eta irristatzeko kiroletan negozio aukerak bultzatzeko.