GARA
BILBO

Simply-ko langileek lanpostu duina lortzeko elkarretaratzeak egin dituzte

Simply supermerkatuetako langileek elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko saltokien aurrean, euren lanpostu eta lan-baldintzak defendatzeko. Egin duten laugarren mobilizazioa zen.

Simply supermerkatuetako langileek elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko saltokien aurrean, euren lanpostu eta lan-baldintzak defendatzeko. Egin duten laugarren mobilizazioa zen.

Amezola eta Poza kaleetako denden parean, adierazi zuten «lan egiten duten kate handietako enpresen zuzendaritzek, enplegua sortzetik urrun, euren mozkinak handitzen dituzten politikak» ezarri nahi dituztela lanpostuak amortizatuz eta lan-eskubideak murrizten saiatuz.

Aipatu zutenez, Sabeco taldeko enpresa honek langileek lan-karga handiagoa hartzea nahi du eta antzinatasun handiena duten langileak kaleratzeko asmoa dauka. Era berean, salatu zuten zuzendaritzak merkataritza liberalizatuarekin bat egin nahi duela, supermerkatuak jaiegun eta igandeetan ere zabaldu ahal izateko.

Langileen ustez, estrategia horren helburua pertsona gutxi batzuek ordu askotan lan egitea da, eta ez daude horrekin ados. Taxuzko ordutegia duen lanpostuak izan nahi dituzte eta adierazi zuten horren aldeko borrokan jarraituko dutela, «lanaren eta bizitzaren duintasuna» dutelako xede.

Borroka horretan aurrera egiteko eta euren protestak emaitza hobeak izan ditzan, kontsumitzaileei laguntza eskatu zieten, «jokoan enplegua sortzea baitago».

Hala, herri eta hirietan merkataritza eredu zehatz bat ezartzea eta dendetan kalitatezko zerbitzua eskaintzea nahi dute langileek.