NAIZ
BAIONA

Gizonezko bat hil da Baigura mendian parapentean ari zela

Haize aldaketa bortitz baten eraginez istripu larria izan du Baiguran parapentean zebilen gizonezko batek eta hil egin da. Helikopteroz iritsi da erreskate taldea ezbeharraren lekura baina ezin izan dute ezer egin. Orion parapentean zebiltzan beste hiru pertsonek ere istripua izan dute.

Gizonezko bat hil da Baiguran eguerdian parapentean ari zelarik, ‘Sud Ouest’ egunkariak jakinarazi duenez 30 urteko gizonezkoa da hildakoa. Haize leunarekin ekin dion arren parapentean, hau aldatu eta haize kolpe batek haitzen aurka bota du. Erreskatera joan den helikopteroak ere arazoak izan ditu istripua izan duen gaztea bertatik ateratzeko.

Bestalde, beste hiru istripu ere izan dira gaur antzeko arrazoiengatik, kalte horren larririk gabe, kasu honetan. Orion hiru pertsonek izan dute istripua parapentean ari zirela. Hiruak ere zonalde ezberdinetan erori dira eta horietako bat ospitalera eraman dute zauriak sendatzeko.