6.000 etxe, 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba; horiek dira Errigoraren ‘Uztaberria’ kanpainaren emaitzak. Kontsumitzaile kopurua %20 igo da, olio eskaria %15 eta kontserbena %30. Emaitzarekin aseta agertu da Errigora hedabideei igorritako oharrean.
Aurtengoa inoizko eskaintzarik zabalena izan dela nabarmendu du Errigorak, eskaintza bikoitza izan baita, ohikoa eta ekologikoa. Eskaintzari bide emateko ekoizle gehiagorengana jo dutela azpimarratu dute. Kanpaina «bizia, koloretsua eta emankorra» izan dela ere goraipatu dute, ekoizleen hazkuntzarekin bat boluntario sarea ere zabaldu egin delako eta baita kontsumitzaile kopurua ere.
Banaketari dagokionez, apirilean ekingo diote olioarenari eta ekainaren hasierarako iragarri dute kontserba-loteen banaketa.