NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren aurka larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu dute sindikatu ugarik

Steilas, HIRU, CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, EHNE eta CNT sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldunditik «inposatu nahi duten erraustegia» ez dutela onartzen adierazi dute. Larunbatean gipuzkoar hiriburuan egingo den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu dituzte langile eta herritarrak.

Erraustegiaren aurkako mobilizazioan parte-hartzeko deia egin dute sindikatu ugarik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Erraustegiaren aurkako mobilizazioan parte-hartzeko deia egin dute sindikatu ugarik. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

ELA, LAB, Steilas, HIRU, CCOO, ESK, CGT, EHNE eta CNT sindikatuek agerraldia egin dute Donostian eta herritar eta langileei dei egin diete larunbatean, gipuzkoar hiriburuan, ‘Alternatiba dagoelako, errausketarik ez’ lelopean egingo den mobilizazioan parte hartu dezaten. Mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Anoetatik.

«Ezin dugu onartu, besterik gabe, gaur egun Foru Aldunditik inposatu nahi diguten errauste planta», adierazi dute. Zentzu horretan, gogora ekarri dute hainbat ikerketek erraustegiak osasunerako «kaltegarriak» direla adierazi dutela. «Eta ezin dugu ahaztu honelako instalazioetan izaten diren istripuak», nabarmendu dute.

Era berean, kliman izan dezakeen eragina azpimarratu dute, baita inguruko nekazarien produktuek pairatuko luketeen «balio galera» ere salatu dute. Lan munduan, hala ere, ez lirateke hauek kalte bakarrak. «Foru Aldundiaren esanetan 80 lanpostu sortuko lirateke eta hondakinen hierarkian oinarritutako eredu jasangarriak jarraituz 15 bider gehiago sotu ahalko lirateke».

Bestetik, «herritar askoren iritziaren aurka» egin nahi dela gaitzetsi dute, «herritarren parte-hartzerik gabe eta Europatik datozen aginduen kontra».  Horregaik «alternatiba badagoela» defenditu eta larunbatean parte-hartzera deitu dute.