NAIZ
BAIONA

Euskal presoen egoeraz ohartarazi du Espetxe Zaintzako kontrolatzaile frantsesak

Euskal presoei ezartzen zaien urruntze sistematikoak familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen aurka egiten duela jaso du bere urteko txostenean Adeline Hazan Estatu frantseseko Espetxe Zaintzako kontrolatzaile nagusiak.

Adeline Hazan, Espetxe Zaintzako ikuskatzaile nagusia.
Adeline Hazan, Espetxe Zaintzako ikuskatzaile nagusia.

Bere urteko txostena aurkeztu berri du Adeline Hazan Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak eta, aurreneko aldiz, Estatu frantsesean dauden euskal presoen egoerari erreparatu dio, aplikatzen zaien politika «zorrotza» agerian utziz. 

Kazeta eta Mediabaskek jaso dutenez, iaz, 81 presoen %86a Hendaiatik 400 kilometrotara kokatuta dauden espetxeean zeuden. «Preso horiek beren senideengandik urrunduak dira. Horrek, argiki, familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen du», erantsi du Hazanek.

Preso dauden euskal emakumeen kasuan egoera okerragoa dela adierazi du ikuskatzaileak, Estatu frantseseko hegoaldean espetxe gutxiago daudelako.

Txostena osatzeko, euskal presoen egoerari buruzko testigantzak bildu ditu Adeline Hazanek: Etxeraten gutunak jasotzeaz gain, ezker abertzalearen ordezkaritza batekin, bakearen aldeko euskal juristen taldearekin eta Colette Capdevielle PSko diputatuarekin bildu da.

Ezezkoa proposamenei

Datuok jasota, espetxe administrazioko zuzendaritzarengana jo du kontrolatzaileak, euskal presoen hurbiltzea gomendatu edo behintzat neurriak har daitezela proposatzeko (bisiten iraupena luzatzea, familiei bisitak erraztea edota laguntza ekonomikoak ematea).

«Erantzun didate ezin dela gehiago egin. Alta, kondenen iraupena eta urrunduak direla kontuan hartuz, euskal presoen egoera berezia da», azpimarratu du.

Hazanen eskaerari emandako erantzunean, presoen «profil arriskutsua» nabarmendu du administrazioak.

Erabaki hauek hartzeko orduan, ETAren jarduera armatuaren amaiera kontuan hartu beharko litzatekeela adierazi du Hazanek.

Egindako txostena datozen egunotan François Hollande presidenteari, Asanblada Nazionalari eta Senatuari helaraziko die Espetxe Zaintzako ikuskatzaile nagusiak.