Gaur egungo unibertsitate eredua, Lomce eta honen baitako errebalidak jomugan jarrita, Hego Euskal Herriko ikasleak grebara deitu ditu gaur ikasle mugimenduak. Honen arabera, grebak jarraipen handia izan du eta hainbat fakultate itxita izan dira. 16.000 ikasle inguru kalera atera direla adierazi du.
Unibertsitate eta ikastetxe desberdinetan egingo diren protesta desberdinez gain, eguerdian egin dituzte eguneko mobilizazio nagusiak, Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian, «Hezkuntzatik sistemari aurre» lelopean. Topatu.eus atariaren arabera, Gasteizen 5.000 ikasle inguru atera dira kalera; Bilbon eta Iruñean, 4.000, eta Donostian, 3.000.
Azken hiriburu horretan, manifestazioaren bukaeran, hainbat ikasle Hezkuntza Delegazioaren aurrean eseri dira, errepidean, eta Ertzaintzaren lau furgoneta joan dira, baina ez dute esku hartu.
Gasteizen tensio uneak bizi izan dira Bake kalean, baina ertzainak ez dira ikasleen aurka oldartu. Martxa Andre Mari Zuriaren plazan amaitu da. Bertan hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu dute ikasleek, «herritik eta herriarentzako izan den hezkuntza sistema».
«Langile boterea ipar, kapitalismoaren suntsipenerako jakintza desjabetuon esku jartzea bilatzen duen herriaren hezkuntzaren eraikuntzan lerratzen gara. Eta bide hau egiteko tresna izatera datoz Lomce-ri aurre egiteko planto dinamikak, Eskola Kolektiboen jarduna eta Herri Unibertsitateen dinamika arrakastatsua», adierazi dute.
Bilbon ibilbidea aldatu behar izan dute, CCOO eta UGTren mobilizazioarekin bat egiten zuelako. Termibus inguruan Ertzaintzak adin txikiko pertsona bat identifikatu du eta haren aurkako eginbide judizialak ireki ditu, harriz betetako motxila zeramala-eta, Efe agentziaren arabera.
Identifikazioak
Goizeko lehen orduan piketeak izan dira campus desberdinetan. Leioan, petardoak erabiltzeaz gain, ibilgailuei bidea oztopatu asmoz edukiontziak ere gurutzatu dituzte.
Gasteizen, Letretako fakultatean pasa dute gaua ikasleek eta, eguna hasita, campus osoa hutsik dagoela jakinarazi dute sare sozialetan.
Arabako hiriburuan bertan zein Tolosaldeko hainbat puntutan Ertzaintzak ikasleak identifikatu dituela gaineratu dute.