Duela 80 urteko bonbardaketak gogora ekarriz apirilaren 2ko herri galdeketan parte-hartzeko deia egin dute Gernikan: «Orduan gernikarren ahotsa isilarazten saiatu ziren arren, herria berreraikitzea lortu genuen» azaldu dute, eta etorkizunaren eraikuntzan ere parte hartu nahi dutela azpimarratu dute.
Gernika-Lumon guztira hamar mahai jarriko dituzte. Galdeketa berme guztiekin gauzatzen dela ziurtatzeko, gainerako herri galdeketetan bezala, berme batzordeko eta jarraipen batzordeko kideak, zein boluntario lanak egingo dituzten 60 pertsona baino gehiago arituko dira auzolanean.
Gure Esku Dagok argi esan du «emaitza ez dela garrantzitsuena izango, parte hartzea baizik». Horregatik, botoa ematera gonbidatu dituzte herritarrak: «Denok batera parte hartu eta erabaki, elkarrekin ikasi, egin, ekin nahi dugu». 14.254 herritar daude parte-hartzera deituak.
Hitzaldia Bermeon
Bermeoko Gure Esku Dagok ere herritarrak deitu ditu: «Gure mugimendua eraikitzailea da, eta demokrazian sakontzea du helburu. Horregatik, guk esango dugu zer izan nahi dugun», adierazi dute. Eta argi utzi nahi izan dute zein den galdeketaren helburua. «Desberdinak elkarlanean eta errespetu osoz erabakitzeko prest» daudela erakutsi nahi dute.
Hala ere, ekimena ez da soilik galdeketara mugatuko eta martxoaren 30ean, ‘Katalunia eta Euskal Herria’ izenburupean hitzaldia emango dute ANCko Fermi Rubiralta i Casasek eta Abel Muniategi Elorzak, Bermeoko Nestor Basterretxean.