Podemos Ahal Dugu eta EH Bilduk erdibideko zuzenketa aurkeztu dute Gipuzkoako Aldundiari swapen ordainketa agintzen duen sententziari helegitea jartzeko eskatuz. Bihar, GHK-k urgentziazko batzarra deitu du, 10:00etan, eta puntuetako batean helegitea ez aurkeztea bozkatuko da.
Donostian aurkeztu duten gaurko erdibideko zuzenketa datorren asteko bilkuran eztabaidatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bien bitartean, bi alderdiek Aldundiari «arduraz» jokatzeko eskatu diote, kalte ekonomikoak saiesteko bere esku dagoen guztia egin dezan.
Xabier Olano EH Bilduko bozeramaileak jakinarazi duenez, koaliazioa «sakonean» aztertzen ari da Auzitegi Gorenera joatea gomendatzen ez duten bi informeak. «%2ko lorpen aukera nahikoa da helegitea argudiatuta egoteko». Informe hauek helegiteak suposa lezakeen kostua azpimarratzen dute, baina Olanok Swapen ordainketa 60 milioi eurokoa izango dela ekarri du gogora.
Podemoseko Juantxo Iturriak, aldiz, erraustegia helegitearen arrazoi nagusia ez dela adierazi du, «baizik eta erakunde publiko batek produktu toxiko eta erabat espekulatiboa kontratatzea». Honen bestez, auzietara joan gabe hau onartzea «argudiaezina» izango litzatekeela adierazi du.
GHKk 2011n, aurreko erraustegiaren proiektua finantzatzeko sinatutako swapen kontratu estaldurei egin beharko die aurre, Gipuzkoako Entzutegiak epaitegiak emandako sententzia berretsi eta gero.