Hatortxu Rockek Lakuntzan egin du Sakanako herrian egingo den 20. edizioaren aurkezpena. Bertako Kultur Etxean, herritarren aurrean, jaialdiak izanen dituen xehetasunak azaldu dituzte. Kontzertu gune nagusia, akanpalekua, zerbitzu gunea eta baita herriko egitarauari ere emango zaion indar berezia ere.
Halako jaialdi bat aurrera ateratzeko auzolanak duen garrantzia azpimarratu dute eta, zentzu horretan, herriak eman duen erantzuna goraipatu dute, lan-taldeak sortuz eta elkartasun jaialdira indarrak batuz.
Baina, nola ez, musika aurkezpenaren zati garrantzitsu bat izan da. Bertan izan dira Olatz Salvador eta Xabi Solano & DZ, elkartasun olatu honi bere alea jarriz. Baita oholtza gainean galduta agertu den Inocencio ere, arratsaldeko unerik hunkigarrienetako bat sortuz. Jabier Estebanek, Inocencioren paperean, bakarrizketa egin du dispertsioaren inguruan, txalo zaparrada handia sortuz.
Aurkezpen bira
Gaur Lakuntzan aurkeztu dute jaialdia, baina ez da hemen amaituko. Guztira, gaurkoa barne, 16 aurkezpen eginen ditu Hatortxu Rockek, bai Euskal Herrian bai nazioartean ere. Apirilaren 14ean non eta Berlinen emango diote hasiera birari, Estricalla eta Perlata taldeekin batera. Hilaren 16an, Gernikan, Aberri Egunean, Hesian eta Altxatu izango dira, eta 22an hitzordu bikoitza: Gasteizen Voltaia eta Strombers eta Senperen Revolta Permanent eta Kop. Biharamunean, apirilaren 23an, Zumaian, Lur J eta ETS izanen dira. Hilaren 29an, berriz ere, bi aurkezpen: Iruñeko Txantrea auzoko jaietan Oharkabe eta Bad Sound egonen dira eta Donapaleun, aldiz, Su ta Gar.
Maiatzak 5ean, Tolosan, Benito Lertxundi igoko da oholtzara eta Bilbon, Juantxo Skalari & The Rude Band eta Zartako K. Maiatzaren 13an Herrialde Katalanetan izango dira, Manresan, Def con Dos, Escuela de odio eta Niña Coyote eta Chico Tornadorekin batera. Elorrion, egun berean, Kepa Junkera eta Sorginak egonen dira.
Biharamunean, Iruñeko Baluarten Korrontzik 'Nafar loreak' ikuskizuna taularatuko du. Maiatzaren 19an, hitzordu bikoitza beste behin. Agurainen, Ruper Ordorika eta Madrilen, Non Servium eta DJ Jotatxo. Amaitzeko Parisera joanen da Hatortxu Rock eta bidaian lagun izango dituzte Zea Mays eta bertako Premiere Ligne.
Bai jaialdiaren bai aurkezpen biraren inguruko informazio guztia Hatortxu Rocken webgunean aurkitu dezakezue.