Asier BURGALETA | Maite BIDARTE | Ion TELLERIA
DONIBANE GARAZI

Soldaduskara ez joatearren euskaldundua... ‘Etxe’

(#Korrika-ren istorio #batzuk: 2) Ezaguna da aspaldian Ipar Euskal Herrian bere kazetari lanagatik, denean ikusi genuen asko ez dela bere argazkia, Luhuson bakearen artisauen atxiloketan. Eihelarrearra bera, familian euskara aspaldian galdua zen eta gaztetan berreskuratu zuen ‘Etxe‘-k, frantziar armadara soldaduska egitera joateko deia iritsi zitzaionean, kontzientzia-objektore egin eta Irulegiko irratian bete baizuen ordaina.

Stephane Etxegarai kazetariak ez zekien euskaraz gaztetan, Eihelarren hazi arren familia kostaldetik iritsi zen aspaldian euskara galduta. Beti izan zuen ‘Etxe’-k interesa euskaraz eta euskal kulturaz eta hitzen batzuk bazekizkien 20 urterekin soldaduskarako deia iritsi zitzaionean.

Audio erreportajea

Loading player...

«Bitxi egiten du, baina nonbait eskertu beharko dut frantses armada», dio orain barrez. Izan ere, soldaduskarako deia jaso, hari ezetz esan eta ordainetan, kontzientzia-objektore gisa elkarte bat hautatu behar izan zuen haren ordezkoa egiteko. «Irulegiko irratikoengana joan nintzen esplikatuz nire kasua, euskara ez nekiela baina ikasteko gogo handiarekin nintzela», eta hartu egin zuten.

AEKn ekin zion ikasketari eta irratia bera etenik gabeko barnetegia bilakatu zitzaion, «aski fite erdietsi nituen oinarriak eta emeki-emeki sartu ninduten mikroaren aitzinean eta bi urteren buruan euskaraz egiten nuen naturalki».

Korrika gehienetan lanean igaro du, Euskal Irratientzat lehenbizi eta Kanalduden gero... Azken urteotan bideogile indpendente gisa ari da eta aurten Donibane Garazin familiarekin egin ahal izan ditu bere Korrikaren metroak. Euskararen aldeko ekimen gisa dakusa Korrika, baina baita Euskal Herriko bestelako aldarrikapenak erakustekoa ere, aldiro ikusi ohi dugun legez.

Presoen etxeratzea, independentzia bera eta, noski, bake prozesuari aterabidea ekartzeko beharra azpimarratu ditu Garazin Korrikaren zain ginela izandako berriketa saioan. «Ahantzi gabe, apirilaren 8an hitzordua dugula Baionan prozesu horretan parte hartzeko». Armagabetzea burura eramateko hitzordu jendetsua izango da hiriburu lapurtarrean, Korrika bere helmugara iritsi bezperan.