Gasteizko Legebiltzarrean EAJren parlamentari den Iñigo Iturratek nabarmendu egin du armagabetzea «euskal gizarteak ezarritako baldintzetan» egingo dela eta bere alderdiak ez duela «armagabetzea arriskuan jarriko duen ezertan parte hartuko».
Bere ustez, armagabetzearen atzetik «behin-betiko disoluzioa iritsiko da». Hala ere, «zuhurtzia» eskatu du ETAk armagabetutako taldea dela iragarri duen agiriaren harira. «Euskal gizarteak duela bost urte aldarriaktzen zuen une batean aurkitzen gara», azpimarratu du.
Honen aurrean, «diskrezioa» ere eskatu du, prozesua «behar bezala amaitu» eta armagabetzea «behin-betikoa, aldebakarrekoa eta egiaztagarria» izan dadin. «Espero dezagun ETAk duela bost urte eta erdi hartutako konpromisoa behin-betiko gauzatzea», gehitu du.
Modu berean, Geroa Baiko bozeramaile Koldo Martinezek «nolabaiteko pozarekin» hartu du agiria, baina «beste bi» eskatu ditu: «ETAk autokritika egiten duenekoa eta disoluzioarena». «ETAk ez dio ezer onik eman herri honen historiari, mina eta sufrimendua besterik ez, ideietan absolutismoa, odola politikan eta zaborra ideietan», adierazi du.
Biharko Baionako deialdiaren inguruan, «ETAren armagabetze prozesuan modu batean parte hartu dugun heinean», bertan izanen direla adierazi du. Geroa Baiko kideak jonean direla, alegia, baina «inongo protagonismorik gabe».