@Belastegi
Igorre

«Akelarrearen bueltan borrokatzen eta antolatzen» jarraitzeko deia egin dute Igorren

Goizean zehar elektrotxarangarekin esnatu dira Gazte Akelarrean parte hartzen ari direnak, zumba dantzatuz eta hitzaldietara gerturatuz. Arratsaldean, topaketako une gorenetako bat iritsi da, manifestazioaren ondotik burutu baitute ekitaldi nagusia, karpa leporaino beteta zegoela «borrokatzen eta antolatzeko» deia eginez.

Jendetza bildu da karpan, ekitaldi nagusian. (@topatu_eus)
Jendetza bildu da karpan, ekitaldi nagusian. (@topatu_eus)

Batzuk badatoz, Igorreko azken eguna fresko ospatzera, eta beste batzuk badoaz, ostegunetik bertan akanpatuta egon ostean. Eta bihar arte irango dutenak ere badira. Atzo parranda egin arren, ajea gainetik kendu eta kultur etxeko hitzaldietara joatera animatu dira formalenak. Kobazuloan, ordea, eskalada eta tirolina guneak haurrek hartuta badute ere, slacklinean gazteak ari dira saiatzen. Highline (slackline altura handian) erakustaldia ere egon da.

Herri bazkarian elkartu dira denak indarrak berpiztu eta arratsaldean zehar izan diren gainontzeko ekimenekin jarraitzeko. Izan ere, gero EPPKren itzaldia, zirku tailerra, herri kirolak edota pilota txapelketaz gozatzeko parada izan dute Igorrera gerturatu diren gazteek.

Manifestazioa eta ekitaldia

Ondoren, ‘Sugarren dantzan independentziara’ lemapean manifestazio jendetsua egin dute Igorreko kaleetatik, Altsasuko momotxorroak buruan joan direlarik. Euskal presoen etxeratzearen, independentziaren zein sozialismoaren aldeko oihuak entzun ahal izan dira.

Karpa nagusira iritsita, Gazte Akelarreko ekitaldi nagusia egin dute. 

Kaiola moduko baten barruan zegoen gazte baten errezitaldiaren ondotik, Ernai eta Aitzinako eledun diren Mikel Urdangarin eta Armelle Etxenikek hartu dute hitza. 

«Hormen artean bahiturik nahi gaituzte bi estatuek», nabarmendu du Urdangarinek, baina mezu argia bidali die bertaratutakoei: «Euskal Herria dugu irabazteko, gu geu aske bizitzeko».

«Gure garaia da», azpimarratu du Etxenikek, gaineratuz «historia liburuetan protagonista berriak behar ditugula».

Ekitaldian Itziar Aizpurua ezker abertzaleko militante historikoak ere hartu du hitza eta, diskurtso hunkigarri batean, adierazi du gazteak direla ez etorkizuna, oraina baizik. «Gora euskal herriko gazte konprometituak!» oihuarekin bukatu du bere hitzartzea.

Azkenik, Lur Albizu (Ernai) eta Aitor Servier (Aitzina) igo dira taula gainera, beste gazte askok lagunduta.

Albizuk adierazi duenez, «bi antolakundeok nazio estrategiaren baitan zubiak eraiki eta borroka komunak pizteko erronka markatu dugu».

«Prozesu independentista bat martxan jartzeko hautua egin dugu, gazte eta Herri Boterea erdigunean izango dituena», nabarmendu du, bere aldetik, Servierrek.

Eusko Gudariak kantatuz eman diote bukaera ekitaldiari.