NAIZ

Protokoloaren ale bat eman dio Paul Bilbaok Galiziako Parlamentuko presidenteari

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, AMESAko lehendakari Marcos Maceira eta Consello da Cultura Galegako lehendakariorde Rosario Alvarez Galiziako Parlamentuko presidente Miguel Santalices Vieirarekin bildu dira. Protokoloaren ale bat emateko baliatu du zita Bilbaok.

Bilbao, Galiziako Legebiltzarreko presidentearekin. (NAIZ.EUS)
Bilbao, Galiziako Legebiltzarreko presidentearekin. (NAIZ.EUS)

Galiziara bisita egin du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta bertan Marcos Maceira AMESAko lehendakariarekin eta Rosario Alvarez Consello da Cultura Galegako lehendakariordearekin bildu da. Hiruek herrialdeko Parlamentuko presidentea bisitatu dute, eta Bilbaok Protokoloaren ale bat emateko baliatu du zita.

Protokoloa osatzeko prozesua azaltzeaz gain, gogora ekarri du Bilbaok Galiziako Parlamentuak duela hogei urte onartu zuela aho batez Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Hala, eta Kontseiluko informazio iturriek aditzera eman dutenez, interes «handia» erakutsi du Miguel Santalices Vieira Protokoloa jasotzean.

Presidenteari ale bat emateaz gain, Consello da Cultura Galega erakundeak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko parada ere izan du Bilbaok, eta Real Academia Galegako lehendakari Vitor Freixansek ere izan du Protokoloaren berri.

Galiziako aurkezpenaz gain, egunotan Bartzelonan garatzen ari diren Hizkuntza Indigenen eta Gutxituen Biltzarrean ere egin du Kontseiluko ordezkariak Protokoloaren aurkezpena. Bide batez, Generalitateko ordezkariekin ere bilera egin zuen Bilbaok iragan astelehenean.