NAIZ
BILBO

Murrizketak eta prekarietatea pairatzen dutenak gogoan ELAren Maiatzaren Lehenean

‘Guk, oinak lurrean. No más políticas antisociales’ lelopean ospatuko du ELAk Maiatzaren Lehena. Egun hori eta Bizkaiko zahar-etxeetako langileen borroka uztartu nahi ditu sindikatuak. Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazioak.

Bizkaiko zahar-etxeetako langilean izan dira ELAren Maiatzaren Leheneko ekitaldien aurkezpenean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko zahar-etxeetako langilean izan dira ELAren Maiatzaren Leheneko ekitaldien aurkezpenean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Maiatzaren Lehenerako antolatu dituen mobilizazioen berri eman dute Adolfo Muñoz idazkari nagusiak eta Ivan Gimenez Komunikazio arduradunak Bilbon egin duten agerraldian. Haiekin batera izan dira Bizkaiko zahar-etxeetako hainbat langile. Azaldu dutenez, etzi beste greba deialdi bat hasiko dute, lau astekoa.

Azken urtean, guztira, 160 egunetan egin dute greba erresidentzietako langileek.

Maiatzaren Lehenerako ‘Guk, oinak lurrean. No más políticas antisociales’ leloa hautatu du ELAk aurten, «eguneroko murrizketa eta soldata zein lan baldintza gero eta okerragoak pairatzen dituztenekin gaudelako».

Langile askok «bizi eta lan baldintza duinak lortzeko» egiten duten borrokaren adibidetzat jarri ditu Bizkaiko erresidentzietako langileak eta kasu horretan gainera emakumeen protagonismoa nabarmendu dute sindikatuaren ordezkariek. Eta borroka horieta Maiatzaren Lehena uztartu nahi dituzte aurten.

Manifestazioak Bilbon eta Iruñean

Iaz bezala, aurten ere bi manifestazio antolatu ditu ELAk egun horretarako, bata Bilbon, 11.45ean, Jesusen Bihotzatik abiatuta, eta bestea Iruñean, 12.00etan, Gurutze plazatik hasita.

«ELAk oinak lurrean ditu, eguneroko murrizketak eta soldaten zein lan baldintzen okertzeko joera pairatzen dituztenekin gaudelako. Horixe da aurtengo leloaren gakoa», adierazi dute.