NAIZ

Gaztea maketa lehiaketaren finala izango da ostegun honetan Bilboko Kafe Antzokian

Bost talde izango dira lehian: Passepartout, Huts, Eneritz Furyak, Empty Files eta Odolaren Mintzoa. 'B Aldea' saioko Julen Idigoras eta Izaro Andres abeslaria arduratuko dira ekitaldia aurkezteaz.

Gaztea maketa lehiaketaren 26. edizioaren final handia izango da Bilboko Kafe Antzokian ostegun honetan, apirilaren 27an, 21.30etik aurrera.

Lehiaketaren arduradunek jakinarazi dutenez, sarrera doakoa izango da, baina bertara hurbildu ezin direnek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute maketa lehiaketaren webgunean, egunean bertan.

Finala irabazten duen taldeak sari potoloa eskuratuko du: 5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera. Kafe Antzokiak ere talde bat sarituko du, 500 eurorekin. Bozketa fasean boto gehien lortu dituen taldea Passepartout izan da, eta finalera zuzenean sailkatzeaz gain, 2.500 euroko saria irabazi du GazteBizHitzaren eskutik.