NAIZ
DONOSTIA

Jendetza bildu da Eibarren, Rakel Lopez eta bere semearen hilketa gaitzesteko

Untzaga plazan bilduta, ehunka lagunek Rakel Lopez emakume eibartarraren eta bere hamabi urteko semearen hilketa salatzeko. Alcobendasen (Madril) aurkitu zituzten gorpuak, asteartean, eta ordutik, senarraren bila ari da Polizia, familiako bati aitortu baitzion berak hil zituela ama eta semea.

Elkarretaratzea Eibarko Untzaga plazan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Elkarretaratzea Eibarko Untzaga plazan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Udalak deituta, ehunka lagun bildu dira Eibarko Untzaga plazan, Madrilen bizi zen Rakel Lopez eibartarraren eta haren semearen hilketak salatu eta indarkeria matxistari gaitzespena adierazteko.

Han izan dira, besteak beste, Eibarko udal korporazioko kideak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida eta Aldundiko Berdintasuneko arduraduna, Miren Elgarresta.

«Matxismoak hiltzen jarraitzen gaitu» zioen pankarta bat zabaldu dute, Nalua talde feministak sinatuta, eta ordu laurden egon dira plazan, isilpean.

Plazaren erdian hamar bat lagun etzan dira, hilik baleude bezala, indarkeria matxistari arbuioa adierazteko.

Babesa eskertu du familiak

Elkarretaratzearen bukaeran, Rakel Lopezen sendiaren eledun batek jasotako babesa eskertu du. Eibar zein Alcobendaseko udalen zein beste erakunde batzuen aldetik jasotako sostenguaz gain, Eibarko herritarren aldetik jasotakoagatik ere esker ona adierazi du.

Gaur egin den elkarretaratzea deitzeaz gain, gertatutakoa salatzeko bi dolu egun izendatu zituen Udalak.

Bihar egingo dute Lopezen aldeko hileta elizkizuna, Eibarko San Andres parrokian.