Ramon SOLA

Harrera Elkartea, bost urtez laguntzen eta harritzen

Bosgarren urteurrenarekin batera, lekukoa pasatu du orain arte lehendakari izan den Andoni Iturriotzek. Bera ere eginiko lanarekin «harrituta» dagoela aitortu du. Datuok argi erakusten dute: 250 laguni eman diete osasun arreta eta 140ri lana, ateak jo eta jo.

Umoretsu erantzun du Andoni Iturriotzek, osasun arazoak direla-eta Harrera Elkartearen lehendakaritza uzten duen honetan ibilbidearen balorazioa eskatu diogunean: «Neu ere harrituta nago Harrerak bost urte bete dituela ikusita!». Esan gabe, aditzera ematen du honekin hasierako trabak, kezkak eta beldurrak gainditu direla. Espetxetik atera eta atzerritik itzultzen ziren pertsonak laguntzeko beharra guztiek ulertzen zuten orduan, baina nola lortuko zen hori eta noraino utziko zuten egiten oso zalantzazkoa zen. 2012tik 2017ra, ezina ekinez egina. Egun Harrera Elkartea «erabat egonkortuta» ikusten dute bai Iturriotzek eta bai bertan buru-belarri lanean dabilen Karlos Ioldik. Lasaitasun hori lagun, lekukoa pasatu zion Andoni Iturriotzek Sebas Barinagarrementeriari –orain arte elkartearen diruzaina zena– atzo Usurbilen eginiko urteko batzarrean, eta bazkideen omenaldi xumea jaso zuen.

Merezi du une batez Iturriotzengan eta iturrioztarrengan begirada pausatzea, egungo ekarpen solidarioa urte askotako historia oso baten fruitua dela ulertzeko. Andonik ez zuen hau jakin aita hil zen arte, baina Manuel lehenik frankistek eta gero naziek atxilotu zuten eta Meliton Manzanasek torturatu. Artikutza hartu zuen gero bizitoki eta bertan jaio zen orain arte Harrerako lehendakaria izan dena. Informatika arloan enpresa-gizon garrantzitsua izan da Andoni. Parisen, Londresen, Kalifornian eta abarren lan egin ostean 60 urte zituela Senperera itzultzea erabaki zuen, «izokina banintz bezala», anaiari etxe bat erosi eta Larraldea izeneko kulturgunea bilakatu zuen. Euskal kulturgintzan ez ezik, arlo humanitarioan ekarpena ere egin nahi zuen, eta Anai Arteko kidea izanik era naturalean heldu zen artean ametsa baino ez zen Harreraren bidera.

Presidente bila zebilen osatzen ari zen elkartea, eta hasieran lagun zuen Nestor Basterretxeari eskaini zion kargua Iturriotzek, bai eta beste zenbait pertsonalitateri ere. Baina ez zen erabaki samurra, agertokia oraindik oso desegonkorra zelako, eta azkenik Andonik berak zama hori bizkarrean hartzea erabaki zuen. Poztasuna besterik ez du lortu bidean, behar handia duen jendeari laguntzearena hain zuzen ere. Mahaiaren bueltan Ioldik kontatu du, duela aste eskas kalera atera den preso batek hasierako tramite neketsuak egiteko jasandako laguntzaren ondoren Harrera barruan zein kanpoan oso elkarte seriotzat hartua dela adierazi diola, eta aipamen horrekin begiak piztu eta irribarrea ezpainetan marraztu zaio Iturriotzi: «Ez dago hori baino gauza handiagorik». Zeresanik ez kartzelatik kezkaz beterik atera eta elkarteari esker lanpostua lortzen duenaren esker onaz...

Baldintza zailetan egin du aurrera Harrerak, politikoki zein ekonomikoki. Krisiak gogorren jo duen unean lan eske ibili beharra... «Ate asko jo ditugu, bai –eransten du Ioldik–. Baina ezetzik apenas ez. Askotan ‘aukerarik ez dago’ esaten digute, ‘zerbait dagoenean deituko dizuegu’ eta abar, baina ezetzik ez, oso gutxi. Arazoa ulertzen dute». Ate horiek, gainera, oso izen ezberdinak dituzte. Hasiera-hasieratik argi zuten Harrerako bultzatzaileek ardura hau herri oso batena dela eta ez dela esparru politiko bakar batean itxi behar. Hortaz, elkartea apolitikoa izatea nahitaezkoa zen, eta profil horri ederki erantzuten zion Iturriotzek: «Denekin lan egin behar genuen eta lortu izan dugula uste dut», aipatu du lehendakari ohiak.

Interlokuzio lan isil eta zabalaren ondoren, preso eta iheslari ohiei laguntza emateko sare moduko bat sendotzen joan da. Eta ez da soilik lanpostuak bilatzera mugatzen: hasierako asistentzia ekonomikoa (are gehiago hainbat hilabetetan Gobernu espainolak «kaleratzeko diru laguntza» delakoa ukatu duenean), NANa eta gainerako paperak egin ahal izateko laguntza, osasun arreta... Behar horiek guztiak pilatzen zaizkie etxera itzultzen diren lagunei, are zamatsuagoak espetxean edota atzerrian 15, 20, 25, 30 urte pasatu duenarentzat.

Harrera abiatu zen garaian, bazen oraindik oztopo guztiak ikusita «kartzelan kalean baino hobeto nengoen» esaten zuen lagunik. Azken bost urteotan, horietako 250ek nolabaiteko asistentzia izan dute, 140k lan duina lortu dute eta 170ek diru laguntza eskuratu dute. Bistan da ez daudela bakarrik.