Manex Altuna

Boiseko Broncos taldeak garaipen batekin agurtu du Euskal Herritik egindako bira

1 eta 2 gainditu dute Athleticen bigarren taldea Lezaman jokaturiko adiskidantzazko partidan. Oiartzun ere mendean hartu zuten (0-4), Euskal Herritik egindako biran.

Athletic eta Boiseko Broncos taldeko jokalariak partida ostean. (via facebook XL Sports Tour)
Athletic eta Boiseko Broncos taldeko jokalariak partida ostean. (via facebook XL Sports Tour)

Boiseko unibertsitateko Broncos taldea bi garaipen lortuta itzuliko da Estatu Batuetara. Euskal Herritik bira txiki bat egiteko aukera izan dute eta Oiartzun eta Athleticen bigarren taldeak mendean hartu dituzte jokaturiko adiskidantzazko partidetan. Astelehenen arratsaldean Lezaman aritu ziren zuri-gorrien kontra eta 1 eta 2 irabazi zuten. Goizean berriz, Bizkaiko Aldundiak harrera egin zien Bilbon.

Katalunian ere beste partida bat jokatzeko aukera izan dute Saint Gabriel taldearen aurka.

Partidak jokatzearekin batera, San Mamesen denboraldiko azken partida ikusteko aukera izan zuten igandean Leganesen kontra. Anoeta ere barrutik ikusi ahal izan dute asteburuan eta Bartzelonako Camp Nou ere bisitatu dute.

Euskal jatorria

Boiseko Broncos taldeko jokalariak Euskal Herritik izan dira taldeko entrenatzaileetako bat den Maite Zabalaren eskutik. Boisen bertan jaio den arren, euskal jatorria dauka -bere familia gernikarra da- eta 2004an Athleticen aritu zen atezain bezala. Estatu Batuetako hainbat taldetan ere jokatu zuen eta bikain moldatzen da euskaraz.

Zabalarekin batera, Broncos taldean Zengotita abizeneko jokalari bat dago eta bere familiaren jatorria Mallabian dago.

Bidaiaren atarian Broncos taldeko neskentzako bisita antolatu zuten Boiseko euskal museoan, etorri aurretik Euskal Herriaren ingurukoak ezagutzeko. Futbol taldeak berak hedatu zuen bere sare sozialetan bisitaren laburpen bideoa. Bertan Argia Beristain, euskal jatorriko estatu batuar eta irakaslearen ahotik jaso zituzten Euskal Herriaren inguruko irakaspenak. Historia, migrazio mugimenduetan Boiseko estatuak izan duen garrantzia eta frontoian jokatu ohi diren euskal kirolen inguruko azalpenak jaso zituzten jokalariek.