NAIZ
DONOSTIA

Ekainaren 10eko zitari begira, mosaiko ugari osatuko ditu Gure Esku Dagok asteburuan

Ekainaren 10ean Bilbon Gure Esku Dagok osatuko duen galdera marka erraldoiaren atarian, asteburu honetan zehar ‘Prest Egunak’ egingo dituzte hiri, herri eta eskualdeetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaikoak osatuz.

Galdera ikurra Beasainen.
Galdera ikurra Beasainen.

Dena prest dauka Gure Esku Dagok ekainaren 10eko mobilizazio nazionalerako. Egun horretan, Euskadi Plaza eta Plaza Eliptikoa elkartuko dituzte galdera marka erraldoi bat osatuz. «Urteotan olatuz olatu eta herriz herri pilatutako borondateek eta konpromisoek» bat egingo dute Bizkaiko hiriburuan, euskal herritarrak erabakitzeko prest daudela adierazteko.

Itun Herritarraren aurkezpena ere egun horretan egingo da, baina hitzordua iritsi bitartean, herriz herri motorrak berotzen segitzen du Gure Esku Dago dinamikak. Asteburu honetan, esaterako, ‘Prest Egunak’ antolatu dituzte hainbat tokitan eta deialdi hauek ere erabakitzeko eskubidearen aldeko mosaikoak osatzeko aprobetxatuko dituzte. 

Bilboren kasuan, Isozakiko eskaileretan dago jarrita hitzordua eta bertan hiriko pertsona ezagunek erabakitzeko eskubidearen aldeko argazkia aterako dute. Ehun baino gehiago dira dagoeneko asistentzia baieztatu dutenak. Auzoz auzo ere mosaikoak osatuko dituzte.

Bizkaiko hiriburuan egiteko prestatu duten hitzordu horretaz gain, beste hainbat puntutan ere ekimenak antolatu ditu Gure Esku Dagok: Donostian, Lea-Artibain, Goierrin, Galdakaon, Uribe Kostan, Debagoienan, Lezaman, Tolosaldean, Azpeitian, Eskoriatzan, zehazki.