NAIZ

Gaur bost urte ekin zion NAIZek bere ibilbideari

Gaurko egunez, 2012an, sortu zen NAIZ. Euskal Herrian irekitako garai berriari loturik bidea egin asmoz eta ‘zu zara hedabidea’ leloari helduta. Askorako eman du lehen bosturtekoak, eta askoz gehiagorako eman behar luke datorrenak. Gaur, ospakizun eguna du hedabide digitalak eta bere komunitatearekin ospatuko du iluntzean jai giroan. 

Informazioaren hariak laburbilduko luke ondoen bost urtean NAIZek egindako lana, informazioa jaso, landu eta hedatzen egindako lanak. Hortik ere badu goian ikusgai duzuen bideo laburpenak. Horiez gain, hedabidea bera eta bere irismena ahalik eta gehien zabaltzeko bidean egindako hainbat ekimen dakartza gogora. 

2012an sortua, garaiari eta garai horretako pertsonei loturik ari da hazten pixkanaka hedabide digital berria, baliabideak eta teknologia ere aldiro-aldiro egokituz. 

Zuzeneko emankizunetan urrats sendoa eman du NAIZek denbora honetan. Zuzenean jarraitu ahal izan zen hedabide digitalean Arnaldo Otegiren espetxeko irteera, Iruñeko Sanferminetako txupinazoa, Angela Davisek Bilbon eskainitako hitzaldia eta zuzenean bizi ahal izan dira Hatortxu Rockeko kontzertuak ere, besteak beste.

Bide honetan erronka berriak abiatu ditu, gainera, NAIZek. IRUINDARRA sortu zen iazko Sanferminen atarian, Iruñerriko informazioa ardatz bertatik bertarako zerbitzua eskaini asmoz. Gutxira, antzeko jauzia eman zuen hedabideak BILBOTARRA sortuz.

Ikusentzunezkoetan ere hainbat dokumentalen zabalpenerako abiapuntu izan da hedabidea. Iñigo Cabacasen heriotzari argia jartzen dion Karlos Trijuequerena, Yolanda Gonzalezen memoria aldarrikatzen duen lana eta Kortxonearen historia jasotzen duena, besteak beste.

Bere asmo eta helburuak azaltzeko egin diren bi kanpainek dezenteko sona izan dute. ‘Gure baliabideak’ izenburupean izan zenak bideo hunkigarri bat izan zuen ardatz (ikusi hemen bideoa) eta berriki ‘Kontatzen ez dena ez da’ izenburupean egindako esperimentuak emaitza adierazgarria erakutsi zuen (ikusi hemen bideoa). 

Azkenik, musikari dagokionez NAIZ KONTZERTUAK ekimena ere gogora dakar bideo laburpenak. Taldeak bertatik bertara ezagutzeko tartea eskaini du honek; bertan izan dira Berri Txarrak, Vendetta, Zopilotes Txirriaos edo Gatibu, besteak beste. 

Ospakizuna gaur Dokan

Askorako eman du NAIZen lehen bosturtekoak eta bidearen hastapenean oinarri sendoa eraiki da harpide eta laguntzaileen bidez. Gaur ospakizun eguna da hedabide berri hau posible egiten duten guztientzat eta elkarrekin ospatzeko proposamena da iluntzekoa. 

20.00etatik aurrera Donostiako Dokan izango da ospakizun festa. Gatibu taldeak abiatuko du jaia, harpidedunentzat da kontzertua eta gonbidapena ezinbestekoa da. Gonbidapenak agortu dira, jada, baina 22.30etik aurrera sarrera librea izango da jaiak jarrai dezan. DJ Miau eta DJ Min-ek jarriko dute musika eta hainbat zozketa eta sorpesa izango dira, gainera.