NAIZ
DONOSTIA

Larunbatetik aurrera Igorre eta Gabiria UEMAko kide izango dira

Osoko bilkuran, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki du Igorreko Udalak eta, hortaz, Gabiriarekin batera sartuko da UEMAn, larunbateko batzar nagusian aztertu eta onartuko baitituzte bi eskaerak. 84 herri izatera pasako dira, 245.000 biztanleko lurgunea osatuz.

Urtarrilean egin zuen UEMAk azken batzar nagusia, Larrabetzun. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)
Urtarrilean egin zuen UEMAk azken batzar nagusia, Larrabetzun. (Aritz LOIOLA | ARGAZKI PRESS)

Heldu den larunbatean, hilak 10, batzar nagusia egingo du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Zestoako bainuetxean. Hitzordu horretan, UEMAra sartzeko Igorrek eta Gabiriak egindako eskaerak izango dituzte aztergai.

Bi herri hauei oniritzia emanda, orotara 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute UEMAko kide izango diren 84 herriek.

Mankomunitateak gogoratu duenez, agintaldi hau hasi zenetik hamaika herri gehiagok erabaki dute UEMAn sartzea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta larunbat honetatik aurrera kide izango diren Gabiria eta Igorre.

Azken herri honen kasuan, atzo bertan hartu zuten erabakia, osoko bilkuran. EH Bilduko sei zinegotziek babestu zuten eskaera eta EAJko bostek, aldiz, abstentziora jo zuten.

Igorre UEMAko kide bihurtzea 2015eko udal hauteskundeetarako programan jasotzen zuen koalizio abertzaleak eta, gailendu eta bi urtera, gauzatu egin du orduan agindutakoa.

Bizkaia erdialdean kokatzen da Igorre eta Arratia eskualdeko udalerri jendetsuena da (4.108 biztanle zituen iaz).

Eskaeraren berri ematerakoan, inkesta soziolinguistikoaren datuak aipatu ditu UEMAk. Horien arabera, euskaldunak %75,28 dira Igorren. «Oro har euskaraz bizi dira Igorren, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 2001-2011 urteen artean 5,4 puntu egin baitzuen behera euskararen ezagutzak. Erabilerari dagokionez, euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua %50,3 da gaur egun. 2001n, aldiz, %61,2 zen», azaldu du Mankomunitateak.

Gabirian, aldiz, otsaileko osoko bilkuran erabaki zuten UEMAn sartzea. Gipuzkoako Goierri eskualdean dagoen herria da eta ia 500 biztanle ditu.