«520 bizilagunek, datorren ekainaren 24an Karmele Solaguren dispertsio politikaren biktima bezela aitortuko duen monolitoaren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko deia egiten dugu. Jubilatuak gara, gazte langabetuak, udal zerbitzu ezberdinetako langileak, eremu zabal bateko udal ordezkari ohiak, kirolariak, musikoak, herri mugimenduko kideak, medikuak, farmazeutikoak, merkatariak, abokatuak, irakasleak, eskoletako zuzendariak, lorezainak, erizainak, musika eskolako irakasleak, sindikalistak, mekanikoak...», azaldu dute gaur egin duten agerraldian.
«Karmele Gogoanetik gure bizilagunari gertatutakoa aitortzeko 12 urteko atzerapenarekin goazela uste dugu. Ukazioan oinarritutako 12 urte, eskubide urraketa egoera bat gaiztotu dutenak. Etorkizunari begiratzeko ordua ailegatu dela uste dugu, Karmele dena onartuz: eskubideak urratu dituen eta urratzen segitzen duen politika batek hildako biktima bat», gaineratu dute.
«Dispertsio politikaren ondorioz gure bizilagunari eta bera bezalako beste ehundaka bizilagunei gertatutakoaren anbiguotasunik gabeko testigantza argi, iraunkor, zehatz, objektibo eta ukigaia uzteko unea iritsi dela uste dugu. Belaunaldi hauek, datozen belaunaldiek, istripu batek ez zuela Karmele hil jakin dezatela onuragarri eta garrantzitsua iruditzen zaigu. Herri honen historiaren parte bat ezagutu gabe hazi daitezen ez dugu nahi. Horregatik monolito honek, ezkutatutako eta isilarazitako errealitate honen lekukotza emango du, gure gizartea eta, zehazkiago, ehundaka preso eta senide eragiten dituen eskubideen urraketa egoera gainditzeko beharra islatuz», adierazi dute.
Monolitoaren inaugurazioaren ondoren herri bazkaria egingo dute Alaitz eskola.
2004an hil zen
2004ko abenduaren 6an presoen kontrako sakabaneta politikak Barañaingo biztanle Karmele Solaguren Goikoetxea hil zuen. Egun hartan, 400 kilometrotara preso zegoen bere seme Ekain bisitatzera zihoan bere bikotekide Jose Luis Guerra Carrillorekin batera.
Goizeko 8ak aldera, Karmele eta Jose Luisek bere kotxea errepide bazterrean gelditu zuten aurretik izandako auto istripu batean laguntza emateko, Soriako Norviecas herriaren ondoan. Goizeko 8:15etan errepide berdinean zihoan auto batek Karmele eta Jose Luis harrapatu zituen. Barañaindik 148 kilometrotara, Alcala Meco espetxetik urrun, Karmele hilik suertatu zen eta Jose Luis larriki zauritua.