Jone Goirizelaia, Larraitz Ugarte eta Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Carles Mundo Kataluniako Justizia sailburuarekin, Espetxe Zerbitzuetako zuzendari nagusiarekin eta Exekuzio Penaleko eta Gazte Justiziako zuzendari nagusiarekin batzartu dira gaur goizean Bartzelonan, Parlamentuan, eta gero Lledonerseko espetxea bisitatu dute.
EH Bilduren ordezkariak Bartzelonan daude Katalunian aplikatzen ari diren espetxe politika bertatik bertara ezagutzeko, informazio hori eskuratzea lagungarria izango delako EAEn ere aldarrikatzen den eskumen horren transferentzia gauzatu eta garatzeari begira. Helburu horrekin bilduko dira gaur eta bihar Kataluniako espetxe sisteman ardura duten hainbat eragile sozial eta politikorekin.
Kataluniak espetxeen gaineko eskuduntza 1984az geroztik kudeatzen duela gogora ekarri du Jone Goirizelaiak, eta euskal kasuan ere transferentzia hori lehenbailehen egiteko eskatu du, horrek kartzela eredu propioa martxan jartzea ahalbidetuko duelako. «Ez dugu egungo sistemarekin jarraitu nahi, ez gaude horrekin ados, presoen eskubideen gainetik bestelako gauzak jartzen dituelako; egungo sistemak eskubideak urratzen ditu, sistema honekin jendea kartzelan hiltzen da, pertsonak isolamenduan ditu, guk ez dugu eredu hori nahi Euskal Herrirako; eredu hori, beraz, errotik aldatu behar dugu, eta Katalunian aldaketa prozesu hori egin dute, baina horretarako, eredu propioa egituratzeko, eskumenak behar-beharrezkoak dira. Jakin badakigu Kataluniako errealitatea eta gurea ezberdinak direla, baina kontuan hartzeko moduko elementuak daude, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gure eredua propioa osatuz joateko», azaldu dute.
EH Bilduko legebiltzarkideak gaur goizean Generalitateko arduradunekin izandako bileraren garrantzia azpimarratu du, «oso informazio baliogarria eman digutelako» euskal eredua diseinatzeari begira. Esaterako, «kartzelatik harago, eredu katalanak neurri alternatiboen aldeko apustua egiten du, pertsonak bergizarteratzeko lan egiten du eta berrerortze-tasa txikia lortzen du; helburuak, hortaz, betetzen ditu».
EH Bilduk ordezkaritza bidali du Kataluniara «espetxeen transferentziaren inguruan egindako lana eta ibilbidea ezagutzeko, jakiteko prozesu horren baitan zer nolako arazoak izan dituzten, zer nolako aldaketak egin behar izan dituzten, zer nolako beharrak topatu dituzten, zer nolako tresnak erabili behar ditugun egungo kartzela eredua aldatzeko eta eredu propioa egituratzeko».
Goizeko bileraren ostean, gaur arratsaldean EH Bilduko legebiltzarkideak Remei Bona Espetxe Zaintzako epailearekin eta torturaren aurkako Koordinakundeko abokatu Andres Garcia Berriorekin izango dira, eta bihar beste bi bilera izango dituzte. Lehena, Olga Casado ‘Mecanisme Catala per a la Prevencio de la Tortura’ elkarteko medikuarekin; bigarrena, Rafael Ribo Sindic de Greugues delakoarekin (Herri Defendatzailearekin).