NAIZ

Athletic Suitzan izango da denboraldi-aurrean

«Festival de Football des Alpes» txapelketan parte hartuko du eta lagunarteko hiru partida jokatuko ditu Servette, Sion eta Fenerbahce-ren aurka. Uztailaren 10etik 18ra bitartean talde zurigorria Suitzan izango da.

Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)
Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)

Athletic Clubek uztailaren 3an Lezaman ekingo dio denboraldi-aurrea. Lehen astean zehar ‘Kuko’ Zigandak zuzenduko duen taldeak etxean egingo ditu entrenamenduak, baina klubak iragarri berri duenez, egonaldia egingo du Crans Montanan eta Yverdon les Bainsen (Suitza) uztailaren 10etik 18ra.

Athleticen espedizioa Grand Hotel du Golf et Palacen -Crans Montana herrian- eta Grand Hotelean -Yverdon les Bains herrian- egongo da.

Lan saioak «Terrain des Palettes» futbol zelaian, Bluche herrian, egingo ditute.

Athletic Clubek «Festival de Football des Alpes 2017» txapelketaren barruan hiru lagunarteko partida jokatuko ditu. Uztailaren 12am, asteazkena: Suitzako Servette taldearekin neurtuko ditu indarrak. Uztailaren 15ean larunbat Sion suitzarren kontra arituko da eta uztailaren 17an, astelehena, Fenerbahce talde turkiarraren kontra.

Lagunarteko hiru partida hauekin batera, abuztuaren 5ean Dublinen jokatuko du talde zuri-gorriak. Liverpool talde ingelesaren kontra arituko da Aviva estadioan.

Hurrengo denboraldira begirako berritasunen artean ere, Athleticeko jokalariak New Balance erropa markak jantziko dituela aipatu beharra dago.

Bestalde, klubak atzo iragarri zuenez Bilbao Athleticen aurredenboraldiko lehen entrenamenduak uztailaren 13an, osteguna, hasiko dira Lezaman.