NAIZ
BAIONA

Bidaxuneko etxaldeko arduraduna galdekatu dute ikertzaileek

Prefekturak Baionako Auzi Zibilen auzitegiari jakinarazi dio ahateak hiltzeko eman zuen agindua ez dutela bete eta, ondoren, jendarmeria Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldera joan da. Etxaldeko arduraduna galdekatzeaz gain, hainbat dokumentu ere eraman dituzte.

Ekoizleak, Lataillade familiaren etxaldetik ahatekumeak eramaten. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Ekoizleak, Lataillade familiaren etxaldetik ahatekumeak eramaten. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Jendearmeak Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldera joan dira astearte honetan, goizean goiz. Prefekturak bertako ahateak hiltzeko agindua eman zuen hilaren hasieran, baina ekoizleek hegazti gripearen aurkako neurri hori gauzatzeari uko egin diote. Aginduaren urratze horren berri eman dio prefekturak Baionako Auzi Zibilen epaitegiari.

Familiak ebazpen horren aurkako helegitea aurkeztu du Paueko auzitegian.

Kazetak berri eman duenez, ordu gutxi egon dira jendarmeak etxaldean. ELB sindikatuaren arabera, kontabilitateari lotutako dokumentuak eta bezeroen zerrendak eraman dituzte jendarmeek. Ikertzaileek etxaldeko arduraduna ere galdekatu dute.

Era berean, Samuel Vuelta Simon prokuradoreak arduradun juridikoa ere galdekatuko duela adierazi du.

ELB sindikatuak eginiko deiari erantzunez etxaldera hurbildu direnak urrun gelditu behar izan dira, jendarmeek bidea itxi baitute. Goizean jazotakoa «probokazioa» izan da, ELBren arabera.

Asteazkenean, ohikoa den bezala, ekoizleak Bidaxuneko etxaldera hurbilduko dira egunean bertan sortuko diren ahatekumeak berreskuratzeko. Momentuz, ELBk ez du deialdi bereziren berri eman.