Darinek hainbat zinemagilerekin egin du lan, esaterako, Adolfo Aristarain, Juan Jose Campanella, Fabian Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay edo Santiago Mitrerekin.
‘La cordillera’, Santiago Mitrek zuzendua eta idatzia, honako hauen arteko koprodukzio bat da: K&S Films eta La Union de los Rios (Argentina), MOD Producciones (Estatu espainola) eta Maneki Films (Estatu frantsesa). Istorioa Txilen dago girotua, latinoamerikar presidenteen goi-bilera batean. Ricardo Darinekin batera, Dolores Fonzi, Erica Rivas, Elena Anaya, Daniel Gimenez Cacho, Alfredo Castro, Paulina Garcia eta Christian Slater ere antzeztaldeko kide dira. Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatua, irailaren 26an (asteartea) Kursaal auditorioan proiektatuko da. Warner Bros Pictures-ek irailaren 29an estreinatuko du filma zinema-aretoetan.
Darinek, zeinak 2015ean Zilarrezko Maskorra lortu baitzuen ‘Truman’ filmarengatik, bost urterekin egin zuen interpretazioan debuta, telesailetan. 1979an ekin zion bere ibilbide zinematografikoari, Julio Porter-en (‘La carpa del amor’) eta Adolfo Aristarainen (‘La playa del amor’) eskutik, eta pantaila txikiko zenbait lan sariturekin (adibidez, ‘Nosotros y los miedos’, ‘Compromiso’ eta ‘Mi cuñado’) txandakatu zuen adierazpide horretan egindako lana. 80ko eta 90eko hamarkadetan berriz ere aritu zen Aristarainekin lanean (‘The Stranger’, 1987), baita Alberto Lecchi (‘Perdido por perdido’, 1993), Eduardo Mignogna (‘El faro’, 1998) eta Juan Jose Campanellarekin (‘El mismo amor, la misma lluvia’, 1999) ere, baina batik bat Fabian Bielinskyren lehen lanari esker, ‘Nueve reinas’ (2000), hasi zen nazioartean ezaguna izaten.
Darinentzat Donostia saria nazioarteko nahiz nazioko hogeitik gora sari biltzen dituen zerrenda batean azkena da. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu barne: bost Zilarrezko Kondor, bi Konex, bi Sur (Argentinako Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademia), Goya bat, Jose Maria Forque bat, Gaudí bat, CEC sari bat (Idazle Zinematografikoen Elkartearena), Feroz bat, Publikoaren Platino sari bat, Sant Jordi bat, Valladolid, Habana eta Biarrizko zinema-jaialdietako sariak, jadanik aipatutako Zilarrezko Maskorra Donostian, iaz irabazitako Ohorezko Platinoa, eta aurten jasoko duen Arte Ederretako Merezimenduari Domina. Telebistan, zineman nahiz antzerkian (‘Algo en común’, ‘Art’ eta ‘Escenas de la vida conyugal’ lan sarituetan, adibidez) jardun duen antzezle baten ibilbide bikainaren aitorpen dira horiek guztiak.