Hamar minutu inbertitzaile berriak erakartzeko
Donostia Tech Week jardunaldien hirugarren egunak Kursaala utzi eta Tabakalera izan zuen egoitza. Bertan startup edo oinarri teknoligkoa duten enpresa berrieu loturiko egitaraua garatu zuten. Hiltzaldi, elkarrizketa, eta mahai inguruen ostean, ideia onena saritzeko lehiaketa egin zuten.
Arratsaldeko hiruetan, zehaztutako ordua heltzean, Tabakalerako zinema aretoko argiak ez ziren itzali eta pantailan ez zen filmik agertu. Horren ordez, agertokia irudikatzen zuen gune zurira Konekta Summit jardunaldiko Josean Rodiguez irten zen. Zuzendari lanak eskatzen duen moduan, hurrengo bi orduetan gertatuko zenaren nondik norakoak argitu zituen, ekitaldiaren protagonistei ekiteko agindua eman aurretik. Aktore nagusiak hamar enpresa gazteren ordezkariak ziren, pitch lehiaketan –babesletza edo finantzazio bila ari den proiektu baten aurkezpena – euren txanda noiz iritsiko zain zeudenak lehen ilaretan. Casting-etan bezala, hamar minutu besterik ez zituzten onenak direla eta saria merezi zutela frogatzeko.
Txapelketa Konekta Summit-ek antolatu zuen, zazpi eragile pribaturen aliantzaren emaitza dena. La Caixaren Gizarte Ekintzarekin egindako akordioari esker, 1.500 euroko saria eskaini zieten partaideei. «Ez diozue pobre izateari utziko», ohartarazi zuen Rodriguezek jostalari, diruaz gain beste hainbat gauza irabazteko zituztela jakitun. Izan ere, inbertsore eta enpresa alorreko kide ugari zeuden eserlekuetan, hautagaiek egin nahi duten jauzi kualitatiboan lagungarri izateko prest.
Ekintzailetzari buruzko jardunaldiak jakin-min handia piztu zuen. Areto ia betea horren erakusgarri zen, baita parte hartu nahi izan zutenen kopurua ere: 37 startup ezberdinen eskaera jaso zuten. Nahiz eta Donostian egin eta antolatzaileak gipuzkoarrak izan, lurraldeko enpresarik ez zen hautatuen artean. Sei Bizkaikoak ziren: Transporter, Waixo, Senda Bio, Edemocracy, Quarizmi eta We Are Testers; bi, Nafarroakoak, BlackBinder eta Velites; eta Andaluzia zein Kataluniako bana, Eskesso eta Wivi Vision, hurrenez hurrez.
Bakoitzak bere moduan
Hazkunde aurreikuspenak, finantzazio beharrak, fakturazioa, merkatu potentzialaren tamaina… Gidoi bertsua jarraitu arren, bakoitzak bere moduan heldu zion zereginari: indartsu, urduri, formal, gertuko… Emakumezko bakarra Wivi Visioneko Eva Garcia izan zen, eta denak banaka aritu ziren, BlackBinderreko kideak izan ezik; bi sortzaileen artean partekatu zuten ardura. Aurkeztu zituzten ideiak teknologia berriei hertsiki lotuak daude eta aurrera egiteko inbertsioa behar dute. Besteak beste, crossfit egiteko materiala, merkatu azterketa digitalak edo Maria bainuan janaria prestatzen duen robota.
Sei minutuko hitz jario bizkorrean adierazi zuen bakoitzak zer diren, zer izan nahi duten eta zer behar duten horretarako. Bata bestearen atzetik aldatzen zihoazen diapositibetan ikus zitekeen esateko betarik ez zutena. Arnasa hartzeko denborarik gabe, epaimahaikideen edo inbertsoreen galderen txanda zetorren. Itsutzen zituzten fokuen azpian, eskua bisera moduan jarrita, erantzun egokia bilatzen saiatu ziren denak, batzuk beste batzuk baino iaioago.
Bi orduko muga osatzear amaitu zen ekitaldia. Epaileek erabakia adostu artean, Taba kafetegiko sarreran jarraipena eman zioten jardunaldiari Konekta Cafe ekimenarekin. Deliberazioaren ondoren, BlackBinder saritu zuten. Musika entzun eta bere kabuz aurrera egiten duen partitura elektronikoa garatu dute. «Munduan 250 milioi musikari daude. 'Erasotzeko' asko dira baita gu bezalako bi nafarrentzat ere!», bota zuen Sergio Peñalverrek produktua aurkeztean. Erronka handi horretarako laguntzatxoa bada, behintzat.