Zamaketarien sindikatuek eta Anesco patronalak bilera egin dute gaur goizean Madrilen eta akordioa sinatu dute, Antolin Goya Itsasoko Langileen Koordinakundeko –sektoreko sindikatu nagusia– buruak azaldu duenez.
Lortutako akordioaren arabera, lan hitzarmen berri bat negoziatzeko oinarriak jarri dituzte bi aldeek eta portuetako langileen subrogazioa bermatu dute. Horixe zen, hain zuzen ere, langileen eskaera nagusia negoziazio prozesuan.
Ituna sinatuta, sindikatuek datozen egunetarako deitu dituzten lanuzteak bertan behera uzteko konpromisoa hartu dute, lan hitzarmena negoziatzen duten bitartean. Hala, biharko eta uztailaren 3, 4, 6 eta 7rako deituta zeuden grebak bertan behera utzi dituzte.
Ia bost hilabeteko gatazka
Zamaketarien gatazka otsailaren hasieran hasi zen Estatuko portu guztietan, tartean Pasaia eta Bilbokoan, Gobernu espainolak sektorearen erreforma abiatzearekin batera, liberalizatu eta Europako arauei egokitzeko. Maiatzean erreforma onartu ondoren gatazka negoziazio kolektiboaren alorrera zabaldu zen eta ekainaren 5ean lanuzte eta mobilizazioak hasi zituzten langileek.
Sustapen Ministerio espainolaren arabera, greba eta lanuzteek 150 milioi euro inguruko galerak eragin dituzte.