Haritz LARRAÑAGA

Araudiak etxalde txikiak mehatxatzen dituenean

Hegazti gripea ezabatzeko Estatu frantsesak ezarritako baldintza zorrotzekin «etxalde txikien biziraupena arriskuan» dela salatu dute laborariek. Horren aurrean, eredu industriala eta baserri eredua zaku berean sartuko ez dituen araudi bat proposatzen dute.

Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkarteak urtero egin ohi duen biltzar nagusia egin zuen ekainaren 28an Izura-Azmen (Nafarroa Beherea). Lehen zatian iazko balantzea egin zuten; bazkideek egindako lanak edo administrazio kontseiluak kudeatutako finantzak bezalako gaiak izan zituzten hizpide. Batzarraren bigarren zatia, ordea, egun puri-purian den gai bati eskaini zioten: hegazti gripeari aurre egiteko abeltzainek bete behar dituzten baldintza zurrunak.

Eztabaida interesgarri bezain suharra izan zen; izan ere, gonbidatuen artean Alain Mesplede zegoen, DDPP (Direction Départementale de la Protection des Populations) erakundeak Pirinio Atlantikoetan duen ordezkaria. Bera da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako abeltzainek ezarri zaizkien arauak obeditzen dituztela ziurtatu behar duena. Adibide bat jartzearren, Domintxainen izan zen poliziaz lagunduta, Jean-Michel Berho ahate hazleak ahatekumeak hiltzen zituela bermatzeko. Egun hartan bezala, bilkuran ere, biak aurrez aurre izan ziren, bakoitza bere argudioak defendatzen.

Elkar ulertzera kondenatuak

Abeltzainek kasu konkretuak aurkeztu zituzten, eraikiarazi dizkieten eremuen planoak erakutsi, berauen kostua, jarraitu behar dituzten protokolo arauak azaldu eta horrek guztiak eguneroko funtzionamenduan duen eragina adibide grafikoekin azaldu zuten. Mesple jaunak, ordea, hegazti gripea gizartearentzat oso arriskutsua dela aintzat hartuta, ezarri berri dituzten biosegurtasun arauak bidezkoak direla defendatu zuen.

Sasoi batean «DDPP erakundearekin batera, esnearekin izandako arazoak konpontzeko gaitasuna» izan bazuten, orain ere, denen artean irtenbide bat aurkitzeko gai izango direla uste du Antton Urrizaga EHEEEko lehendakariak. «Badakigu administrazioak Europak ezarritako baldintzak bete behar dituela. Gu ere neurriak hartzearen aldekoak gara, baina gauzak ez dira militarki egiten, hitz egin behar da, kontsentsu bat lortu, eta aldi berean, kontsumitzaileak zein gizartea kontuan hartu behar dira», azpimarratu zuen Urrizagak.

Abeltzainek behin eta berriz errepikatzen dute arazo nagusia eredu industriala dela, «birusaren zabalkundea ahalbidetzen baitu», baina hori bakarrik ez, laborariak kexu dira etxalde txikiei ezartzen dizkieten arauak eta maila industrialean lan egiten dutenei ezartzen dizkietenak berberak direlako. Esate baterako, 250 oilotik gora dituzten ekoizle guztiek araudi bera bete behar dute. Urrizagak honela laburbildu zuen afera: «300 oilo izan edo 16.000, betebeharrak berberak dira denentzat. Aldiz, 200 oilo dituena ez dute kontuan hartzen, baina guk diogu hark ere baduela kutsatzeko arriskurik; beraz, denak hartu behar dira kontuan, baina bakoitza bere mailan».

janari osasungarria helburu

Etxaldeetako ikusmoldeak indarrean den ereduarekin talka egiten du. «Administrazioaren diskurtsoa eta industria handiena berdinak dira», nabarmentzen dute ekoizle txikiek. Araudi berriarekin, etxalde guztiak behartuta daude lan egiten duten arloan derrigorrezkoak diren makinak instalatzera eta horrek kostu handia suposatzen du. «Bada makineria bat bereziki prestatua, baina aparatu horiek maila industrialean lan egiten dutenentzat diseinatuak dira», deitoratu zuen EHEEEko lehendakariak. Hala ere, legediak, handi zein txiki, enpresa guztiak makineria bera edukitzera behartzen ditu.

Eremuak garbitzen abereak zaintzen baino denbora gehiago pasatu behar dutela hausnartu zuten abeltzainek. «Etxaldeak dira, ez laborategi dotoreak», arranguratzen zen parte hartzaileetako bat. Edonola ere, ez da zalantzarik etxalde txikietako abereak genetikoki indartsuagoak direla, eta hori, garrantzitsua da ekoizle txikientzat, zeren «gure osasunaren parte handi bat janaritik dator, beraz janari sanoa jaten badugu sanoago egongo gara», egiten zuen gogoeta Urrizagak. Horretarako sortu zuten IDOKI kalitate agintza, «laborantza herrikoi batek, plazer handiz, bere inguruko jendeari kalitatezko janari osasungarria eskaintzen diolako».